Pasa den urteko abuztuan izan zen Kenyan Garazi Garin lakuntzarra. Inoiz bizitako esperientziarekin itzuli da. Kenyan hilabete batez izan da, eta hango errealitate gordina ezagutu ostean itzuli da. Haurrekin izan da batez ere. Eurekin eskolan aritu da. Behar ziren lanak egin dituzte; baratzean lagundu eta jantokian aritu. Baina, batez ere, haur eta nerabeekin izan da, eurekin jolasean. Nairobin, gainera, umezurtz etxe bat irekitzen izan da Garin. Keniatar gazte batek ireki du gurasorik ez duten haurrendako gordelekua eta laguntza eskaini diote. "Haurren bizimodua gogorra da Kenyan, batez ere hemengo errealitatetik urrun dagoelako", adierazi du Garinek. "Hartu eman berezia sortzen da bertako biztanleekin". Hamabi boluntario izan ziren joan den agorrilean.
Elkartasun eguna
"Kenyako errealitatea hitzez baino argazki bidez erakustea adierazgarriagoa da", esan du Garinek. Hori dela eta, larunbatean goizean irekiko dute argazki horiek bilduko dituen erakusketa. Udaletxean paratuko dute eta goiz eta arratsaldez bisitatu ahal izanen da. Haurrendako puzgarriak izanen dira eta eguerdian herri bazkarian bilduko dira. Horretarako salgai jarri dituzte txartelak herriko ostatuan eta Sorgiñak tabernan. Aste osoa izanen da aukera halako bat eskuratzeko. Helduek 15 euro ordaindu beharko dute eta haurrek doanekoa izanen dute bazkaria.
Gauean, kontzertuak antolatu dituzte. Lekunberriko talde batek joko du lehendabizi, Sykorax-ek eta ondoren, La banda del jefe Bigun ariko da. Jendea animatzea espero du Garinek, izan ere, Kenyako egoera latza zein den zabaltzea da helburua eta hango zailtasunei aurre egiteko dirua biltzea. Interneten haurrei elikagaiak ziurtatzeko aukera dago, hilabete bakoitzean euro bat igorrita. Hauxe da web gunea: www.kiberapride.org. Kontu korrontea zabalik ere badute edozein laguntza ongi etorria baitzaie beti.
Bigarren bidaia bat ere bai
Garilean itzultzekoa da Garin Kenyara. Lagun batekin batera abiatuko da mustu zuten umezurtz etxera. Kenyan laguntza ezinbestekoa dute egunerokoari aurre egiteko eta beste hilabete batez izanen dira han. Ez dira Gobernuz Kanpoko Erakundeen bitartez joaten, Kenyan ezagututako neska gazte baten bitartez egin dituzte harremanak. Hark zabaldu zuen umezurtzendako etxea eta harekin izaten dira. Hegazkinak euren kontura hartzen eta ordaintzen dituzte eta Kenyan egonaldia egiteko tokia eskaintzen diete.