Longi Andueza, La banda del jefe Bigun taldeko gitarra jole eta ahotsetako bat

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Huarte Arano 2014ko uzt. 25a, 08:00

Lonji Anduezak pasioa du gitarra eta musikarekiko. Arbizuko bere lokalean, 12 gitarraz osatutako estudioa du. Guztiak dira bereziak, guztiak ditu musika estilo zehatz baterako. Berak diseinatutako bat ere badu tartean. La banda del jefe Bigun taldeak ez du zuzeneko asko egiten, baina, salbuespenen artean gaurko, Bakaikun.

1. Gitarra jolea zara txikitatik, zergatik hasi zinen jotzen?
Hamar urte nituela Gabonetan erregeek ekarritako gitarra izan zen nire eskuetan izan dudan lehena. Garai hartan Fraileen ikastetxe batean nengoen eta bertan bizi zen moja batek erakutsi zizkidan lehen akordeak jotzen. Egiazki ez nintzen ni izan gitarra jotzea erabaki zuena, gitarrak hautatu ninduen ni.

2. Mojak erakutsitakoarekin abiatu zenuen zure ibilbidea?
Moja izan zen lehen pausoak ematen lagundu zidan. Gero ordea, Irunberrira joan nintzen 16 urterekin ikasketak bukatzera. Lagun artean ginela, bereziki lagunetako batek asko zekien gitarra jotzeaz eta hark erakutsi zidan, "moja estilotik" urrundu eta estilo gehiagotara barneratzen. Osorik jotzea lortu nuen lehen abestiaz ere akordatzen naiz. Sukarrarekin izan nintzen astebetez, logelatik mugitu ezin. Besterik egin gabe, gitarra jotzeari ekin nion eta lagunak horrenbeste jotzen zuen kantua ateratzea lortu nuen: La casa del sol naciente.

3. Urte batzuk beranduago ekin zenion zenbait taldetan jotzeari?
1984. urtean esan daiteke profesionalago hasi nintzela gitarra jotzen. Urte hartan Addar taldea osatu genuen eta herriz herri plazak musikaz betetzen ibili ginen. Sakanako herri askotan jo genuen eta baita Nafarroako zein Gipuzkoako zenbaitetan ere. Hiru urte aritu ginen.

4. Addar taldearekin ibilbidea bukatu zen, baina oraindik eszenatokietan aritzen zarete?
Ezkontzetan jo ohi dugu orain gehiago Txaston talde altsasuarrarekin. Iturri-Murri tabernan bost urtez izan ginen ezkontzetako musika jartzen, orain gehien bat Izar-Ondo tabernan aritzen gara. Plaza batean aritzetik ezkontzan jotzera alde nabarmena dago. Bakoitzak badu bere xarma: herriko plazetan askatasun handiagoa dago estilo bat edo beste jotzeko, ezkontzetan lasaiagoa da giroa, dantzarako mexikarrak, vals motatakoak, kalejirak eta salsa da eskatzen dutena.

5. La banda del jefe Bigun taldearekin rock and rolla da nagusi.
Rock and rolla da nagusi eta Countryarekin ere ausartu gara azken urteotan. Oso talde berezia sortu dugula esanen nuke. Lau kide gara: ni neu, gitarrarekin eta ahotsarekin aritzen naiz taldean, Katak ere gitarra jotzen du, Ibai baxu jolea da eta kantatu ere egiten du eta azkenik Ricardo da bateria jotzailea. Taldea osatu genuenean argi genuen ez zela handik hona eszenatoki gainetan zuzenean aritzeko sortua. Entseatzen disfrutatzen dugu guk, guk geuretako jotzen. Hiru lokaletan aritzen gara eta hori da gure erronka, egiten dugunaz gozatzea nahiz eta eszenatoki gainetan ez izan.

6. Countryarekin nola egin duzue harremana?
Taldekideak Estatu Batuetara,  Texasera joateko aukera izan du duela urtebete. Lagun bat bertan bizi da eta bisitan joateko aukera izan genuen. Nik ezin izan nuen joan, baina joan zirenak txundituta itzuli ziren Countryak eskaintzen dituen aukerekin. Zailtasun handiak eman bazizkigun ere Country estiloa ongi ateratzea, behin lortuta, gozagarria da jotzen dugunondako eta entzule direnendako ere.

7. Boladaka doa La banda del jefe Bigun taldearen errepertorioa?
Guztiz boladaka bai. Rock and rolla da nagusi esan bezala. Horren barruan talde mitikoen abestiak jotzen ditugu, guztiz gure estilora ekarrita. Askotan abestiei moldaketak egiten dizkiegu, gure modura. Creedence, Deep Purple, The Rolling Stones… tartekatzen ditugu. Indar handiko talde eta abestiak dira, garai batean oso entzutetsuak ziren eta gaur egun ere jende askok ezagutu eta kantatzen ditu oraindik.

8. AC-DC taldearen abestiak dira nagusi orain zuenean.
Pasa den urtean hasi ginen talde horrekin erotzen. Izugarriak dira euren abestiak eta batekin hasi ginen arren, dagoeneko hamahiru dira jotzen ditugunak. AC-DC taldearen monografikoa da, baina gu ez gara inoren tributoa egiten ari, gu, rock and rolla protagonista duen berbena gara.

9. Jendaurrekoak ez dira ohikoak La banda del jefe Bigun taldearendaji. Beti izaten dira salbuespenak.
Gaur esaterako, Bakaikun jotzera goaz. Urte batzuk badira Bakaikun jotzen dugula. Oso gustura goaz bertara. Jendeari gustatzen zaio jotzen duguna eta guk gozatu egiten dugu hori ikusi eta sentituta. Berotasun handiz hartzen gaituzte eta berezia izaten da giroa. Beste toki askotara ezin izaten gara joan, asteburuetan taldekide zenbaitek lan egiten dutelako. Abuztuaren 1ean Lizarran izanen gara eta gogoan daukagu Olaztira joatea, aspalditik dabiltzalako eskaka eta Olaztin ere rock and roll zale asko dago, joanen gara, udazkenean seguru aski.

10. Zer eskainiko duzue Bakaikun?
Bost orduko kontzertua izanen da. Ordu eta erdiz izanen gara giroa berotzen arratsaldean. Jende helduagoa ere izaten da ikusleen artean eta hortaz, lehen ordu horretan Countryari emanen diogu bereziki protagonismoa: The Gambler, Los Secretos... taldeen abestiak joko ditugu. Gauean, rock and rolla nabarmenduko da. AC-DC taldearen hamahiru abesti joko ditugu batetik, eta bestelakoak ere bai: Ramones, Gary Moore, The Rolling Stones, Varon Rojo ...

11.  Zer da zuretako gitarra eta oro har rock and rolla?
Pasioa dira, nire bizitzaren parte handia. Eguneroko errealitatetik aldentzen laguntzen didana. Gitarra jotzen ari naizela, gainerako arazoak ahazten zaizkit une batzuez. Momentu oso pozgarriak eman dizkit gitarrak. Plazera da jotzea. Oholtza gainean ari garela ere, bizi dugun sentsazioa diruz ordaindu ezin dena da. Taldekideen artean sortzen den konplizitatea oso berezia izaten da.