Eremu zehatzetan ari dira arkeologia- indusketa lanetan Fran Valle de Tarazagaren gidaritzapean. Lau hilabeteko lana izan du 45 laguneko taldeak eta hil honen amaieran emanen diote bosgarren kanpainari akabera. Aurkikuntzekin kontent daude, gero eta zantzu gehiago ageri baitira Zamartze inguruan herri erromanikoa ezarri zela erakusten dutenak. Joan den urtean bezala, aurten ere hilerria izan zen eremua aztertzen ari dira eta monasterioaren inguruan sortu zuten ortua ere bai.
Hilerrian, giza hezurdurak lurperatuta dauden tokian, are eta zulo handiagoak egin dituzte ahalik eta datu gehien jasotzeko. Lurraren goiko aldean, erdi Aroko hezurdurak topatu dituzte eta beherago daude orain aztertuko dituzten erromaniko garaiko hezurdurak. Guztira, 300 bat hezurdura oso aurkitu dituzte. Euren DNAk aztertuko dituzte datozen hilabeteetan eta modu horretan jakin ahal izanen dute nortzuk ziren, zein bizi mota izaten zuten edo zein izurrite edo gaixotasun pairatu zuten garai hartan. Erromaniko garaian bizi zirenen bizimoduaren berri izatea da xedea.
Zamartzeko monasterioan sortu zuten ortuan berriz, objektuak topatu dituzte. Erromaniko garaiko tresneria, zeramika, ontziak, txanponak... Horrek erakusten duena da Valle de Tarazagaren ustez, ez zela izan soilik monasterio bat Zamartze, baizik, herrixka ere sortu zutela. "Baratzeaz, nekazaritza lanez edo abeltzaintzakoez gainera, lan administratiboak egiten zirela ere erakutsi dute zenbait zantzuk", adierazi du.
Hedadura zabalagoan ari dira ikertzen
Eremu zehatzetan ari dira lanean bai, baina gero eta eremu handiagoa ere ari dira aztertzen. Zamartzen nor bizi zen eta zer zegoen jakin nahian, eta bereziki bertan bizitakoen nondik norako gehienak ezagutzearren gero eta eremu handiagoa aztertzen ari dira.
Erromatar garaian zer nolako bilakaera izan zuten jakin nahi dute. Badakite bertan lanean diharduten arkeologo eta boluntarioek, mansio bat izan zela Zamartze. Araceliko mansioa deitu dio arkeologoak. Badakiten bestea da, III. eta IV. mendeetan suntsiketa bana pairatu zituztela. Baina gerora egin zuten finkatzea ari dira ikertzen orain.
Aurkikuntzak eman du bere fruitua
45 lagun aritu dira lau hilabetez indusketa lanetan. Arkeologoak, ikasleak eta boluntarioak izan dira. Lurzoruaren behealdera iritsi izanak, erakutsi du herria sortu zutela Zamartzen: herria osatzen zuten kaleak topatu dituzte, eta denboran berritu izan direnak direla ere ikusi dute, beraz, denboran iraun duen herria izan dela erakusten du horrek.
XII. mendekoa izan daitekeen eraikuntza handi baten zenbait zimentarrirekin egin dute topo. Erdi Arokoa da hortaz. Oraindik ez dakite zertarako erabiltzen zen eraikin hori, baina baliteke ospitalea izatea edo Elizaren zabaltzea ere izan zitekeela uste dute.
Eskola baten eraikuntzaren aztarnak ere topatu dituzte. Horrek beste behin adierazten du Zamartze ez zela soilik erlijioarekin loturiko tokia izan. Herria izan zela erakusten duten gero eta arrasto gehiago agertzen ari direla nabarmendu du arkeologoak. Herri natural bat izan zen, ziurtagiririk gabekoa.
Bertan bizi zirenen perfilaren bila
300 giza hezurdura dituzte aztertzeko. Nahikoa kantitate handia dela nabarmendu du Valle de Tarazaga arkeologoak. Gehienak dira Erdi Arokoak, zailtasun gehiago dituzte erromanikoetara iritsi ahal izateko. X. eta XV. mende tartean kokatu ditu hezurdura gehienak.
Bosgarren kanpaina izan da aurtengoa eta erronka asko dituzte aurretik oraindik. Horregatik, seigarren baten beharra ere izanen dutela uste du Valle de Tarazagak. Giza hezurdurak ateratzeaz bukatu eta gero, azterketak egitea da falta dena: "Egin ditugun zulaketa guztiak estali eta laster eginen dugu alde Zamartzetik". Udan egin ohi dituzte arkeologi- indusketak, eguraldia lagun izateko aukera gehien izaten delako, nahiz eta aurten ez duten zorte handirik izan. Egun asko izan dira euritsu, eta lur bustiarekin oso zaila egiten zaie lan egin ahal izatea. Dena dela, bosgarren kanpainarekin ere kontent gelditu dira.
Interesaren arabera, jarraitzeko aukera
Oraindik aztertzeko asko gera daiteke Zamartzen, baina ez dago arkeologoen esku lanarekin segitzea. Uharte Arakilgo udalaren interesaren araberakoa izan daiteke, baina baita Nafarroako Gobernuaren edo elizbarrutiaren araberakoa.
Garai zaharreneko aurkikuntzak
Erromatar garaiko zantzuak aurkitu dituzte, I. mendeko eraikuntzaren arrastoak. Horixe da Zamartzen aurkitu duten zaharrena. Objektuei dagokienez, Tiberio enperadorearen garaiko txanponak. Baita brontzezko eskulturak, zeramika, kristalezko ontzi sortak ...
Museoa zabaltzeko aukera
Azaroan egin nahi dute bosgarren kanpainaren akabera eguneko jaia. Egun berezia izan daitekeela ere iragarri du Valle de Tarazagak. Izan ere, museo bat sortzen ari dira, eta baliteke azarorako prest egotea. Bosgarren kanpaina amaitzeko modurik onena izanen litzateke arkeologoaren ustez, museoa zabaldu eta jendearekin batera Zamartzen urteotan bilatutakoa konpartitzea. Oraindik zehaztu gabe dago eguna, baina litekeena da azaroan egitea hori.