Joxe Mari Merzero: "Korrika egiteak erlaxatu egiten nau, bizio bat da"

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Mari Merzero: "Korrika egiteak erlaxatu egiten nau, bizio bat da"

Joxe Mari Merzero unanuarrak Espainiako Beteranoen Txapelketako Madrilgo lasterketan hirugarren gelditu da asteburuan. 76 urte beteko ditu apirilean baina oraindik osasuntsu ikusten du bere burua.

1. Noiz hasi zinen lasterka?
Haurra nintzenetik ibili naiz hara eta hona korrika. Leku batetik bestera joan behar zenean korrika egiten nuen bidea. Familia artzaina da eta beti ibili izan gara mendian gora eta behera. Hor hasi ziren nire hastapenak.

2. Gaztetan lehian ere aritutakoa zara.
Bai, 23 urte bete nituen arte modu sakonago batean lantzen hasi nintzen. Txapelketa askotan aritu naiz korrika eta postu onak lortu ditut. Lehiaketak sakrifizio handia eskatzen du baina, hala ere, gustatu egiten zitzaidan ahal nuen lasterketa guztietan parte hartzea.

3. Lehia utzi zenuen baina ez afizioa.
23 urte eta 40 urte artean gehiago izan da afizioa, baina, denbora gutxi izan nuen urte haietan korrikan ibiltzeko. 40 urtetik aurrera hasi naiz lasterkan gozatzen.

4. Mota guztietako lasterketetan hartu duzu parte.
Maratoiak, maratoi-erdiak, herri lasterketak... denak dira nire gustuko. Urrea, zilarra eta brontzea ditut domina. Atzeragoko postuetan ere geratutakoa naiz.

5. Atzerrian ere izan zara korrika?
New York, Paris, Londres, Praga... baita gertuago ere Donostian, A Coruñan... Atzerrian maratoi asko lortu ditut. Dena dela, maratoiak korritzeari duela lau urte utzi nion, adinak esfortzu gehiegi egitea behartzen du eta 42 kilometro baino gehiago dira maratoi bakoitza.

6 Gainerako lasterketak egiten dituzu orain?
Herri lasterketetan aritzen naiz orain gehien bat. 2009. urtetik 2012ra bitartean lehen hiru postuetan geratzea lortu dut horietako askotan. Gustura aritzen naiz halakoetan parte hartzen.

7. Zer da zuretzako korrika egin ahal izatea?
Korrika egiteak erlaxatu egiten nau, bizio bat da. Osasuna dudan bitartean korrikan aritzea da nire erronka.

8. Entrenatzea eskatzen du lasterketetan parte hartzeak?
Astean lau aldiz korrika egitera ateratzen naiz. Egun txarrak ere izaten ditut, gorputza bere onenean ez dagoela sentitzen dudan egun horiek. Baina ez da arazorik, lasai hartu eta hobeki nagoen unerako uzten dut korrika egitera ateratzearena.

9. 76 urte beteko dituzu apirilean. Nola lortu duzu adin horrekin horren ongi segitzea gustatzen zaizuna egiten?
Ez dut sekula osasun arazorik izan. Osasuntsu jan eta osasuntsu bizitzearen seinale dela esanen nuke. Lasterka aritzeak ematen dit niri behar dudan energia. Guztia ongi kudeatzean dago gakoa, oreka bilatzean.

10. Beste lasterkariekin aritzen zarenean zer esaten dizute?
"Fuera de serie bat naizela". Askok esaten didate nire adinean ni bezain ongi egon nahiko luketela eta korrika egiten segitzea.

11. Osasuntsua da beraz korrika egitea?
Guztiz osasuntsua. Gero eta jende gehiagok hartu du gainera afizioa, esanen nuke. Hasi nahi duen horri gomendatuko nioke poliki hastea, zaila dela hasieran konstantzia bat mantentzea baina konturatzerako kilometroak zenbatzen hasiko dira korrika.