Miguel Angel Sagasetak, Urdiaingo apaizak, Urdiaingo Eliza izenburua eman dion liburua argitaratu du. Ez da bakarrik Elizaz ari, ordea. “Urdiaingo Elizaren inguruan neukan informazioa baliatuta, dokumentazio hori guztia paperera pasa eta liburu batean biltzea izan da nire helburua. Elizaren inguruko datuak jaso ditut, baina erretaulaz edo duela mende batzuk Burunda osatzen zuten herri desagertuen inguruan ere badira aipamenak”.
Nondik sortu zitzaizun ideia liburua egitearena?
Urdiaingo apeza naiz eta askotan herritarrek galdetzen didate erretaulan agertzen diren santuak nortzuk ote diren eta zein urtetakoak ote diren. Datu horiek banituen, urteetan bildu izan baititut elizetan euretan bilduta, artzapezpikuan edo Nafarroako Artxiboan eskuratutako informazioaren bidez. Datu interesgarri horiek biltzea erabaki nuen eta aprobetxatu aurretik egin nuen dokumentazio lana liburua osatzeko.
Interesa sortu du herrian?
Urdiaindarrek izanen dute interesik handiena liburuan, noski. Euren herriko eraikina da protagonista eta jakin mina denok izaten dugu ezagutzeko noiz eta nork sortu dituen gure ingurukoak. Liburuaren aurkezpena egina dut eta jendetza hurbildu zen nik esateko nuena entzutera. Irakurtzen hasiak direla ere badakit.
Zein berezitasun du bada Urdiaingo elizak?
Eliza denak dira bereziak berez. Urdiaingoaren inguruan dokumentazioa bada aunitz. Bertan argi geratzen dena da ez dela garai bakar batean eraikitakoa izan. Hiru zatitan gutxienez egindakoa da. Hasteko, gaur egungo eliza baino txikixeagoa zen bat eraiki zuten bertan. Pareta handia eraikitzen hasi ziren gero, 1580rako amaitua izanen zena. Baina bukatu gabe utzi zuten eliza, garai hartako herriko abadea Miguel de Iturmendi hil egin zelako, baita arkitektoa bera ere. Dena dela, bukatu gabe zegoelarik, -koruaren alderdia bukatu gabe- meza ematen zuten oraingo elizaren barrenean zegoen eliza xaharrean. Beste garai batean amaitu zuten osorik beraz. Eliza txiki zaharra desegin eta bigarren zatiarekin bukatu zuten. Sei urteko epean amaitzekoa zen, baina, luzatu ere egin zen. Hirugarren batek despeditu zuen, dena dela, barnealdeko partea. Kanpai dorrea ere ez da une berean eraikia. Kuriositate gisa, dorreak duen eskailera aipatuko nuke. Bereziki polita da, karakola formakoa baina barandallarik gabea.
Urte luzez aritu ziren, beraz, eliza eraikitzen. Horiek jaso dituzu bereziki.
Bai. Liburuaren zati bat elizari buruzko obra handiez aritzen naiz, eraikinaren inguruan. Bestelako lanak ere badira, gaurko sakristia eta portxeak, adibidez. 1805ekoak izanen dira gutxi gora behera horiek. Guztiak ordaintzen ziren herritarrek jartzen zuten diruarekin. XIX. mendean ia ez zen lanik egin, txikiak zirenak bakarrik, mantentzerako bereziki.
Ederra da elizako erretaula diozu, zer dela eta?
Egoera onean mantendutako lana da erretaularena. Ederra da bai. 1624tik 1630era egin zen, Arbizuko Miguel de Beruzurginek egina, Altsasukoa eta Murginduetakoa ere berak eginak dira, baita Etxarriko eliza atea ere. Erretaulako santu bakoitza dena dela, ez zuen berak zizelkatu. Caparrosoko Juan de Vascardo da, Iruñeko Katedraleko gurutze baten egilea ere badena. Erretaularen pieza bakoitzaren argazkia eta dokumentazioa bildu ditut liburuan.
Elizetara joaten ziren urdiaindarrak garai batean, asko.
Erromeria gisakoak antolatzen zituzten inguruko elizetara joateko. Maiz egiten zuten. Gaur egun, desagertuak dauden baina oraindik badirauten ermitetara egiten zuten bidaia. Esaterako, lehorte urteetan, ura eskatzera joan ohi ziren herritarrak erromerian.
Zer dela eta horrenbeste eliza Urdiain inguruan?
Burunda garai batean herri askoz ere gehiagok osatzen zuten, eta horren adibide dira gaur egun ermitatzat ditugunak, lehen elizak ziren, herri desagertu horietako elizak alegia. Elkarren artean adostasunetara iristen ziren herritarrak: apeza nor izanen zen erabakitzeko, obrak nork eginen zituen edo halakoak herritarren artean erabakitzen zuten. Historian oinarritu naiz, jasotako dokumentuetatik.
Datu asko dago, nahiz eta beste asko galduak diren.
Sakanako Eliza guztietan dago oso baliagarria izan daitekeen informazioa. Herriko kontuak, eraikinen egileena, egin zuten garaikoena, ordaindutakoarena... Nafarroako Artxiboan ere jaso daiteke informazioa.
Liburuaren sarreran Burundako herri desagertuaz aritu zara.
35 herri izen jaso ditut. Gehienak XIV. mendean galdu ziren. Orain, izen asko galtzen ari dira, aztarna asko galdu dira eta ermita asko ere bai. Laburpen gisara bildu ditut, gal ez daitezen eta herritarrek jakin dezaten zenbat herri existitu izan ziren Burundan.
Bi hizkuntzatan idatzi duzu liburua.
300 orrialde dira guztira, baina bai, bi ataletan banatua. Euskarazkoarekin hasi nintzen, baina bitara egin dut, kanpoko jende asko etorri delako Urdiainera bizitzera eta askok ez dakite euskara. Horiek ere interesa izan dezaketelakoan aritu naiz baita gaztelaniaz ere. Hitza eta argazkiak tartekatzen dira, Urdiaingo elizako erretaularen 70 iruditik gora.