Ana Carmen Huarte: "Nutrizioaren garrantziaz gain, kirola, estetika eta erlaxazioa ere beharrezkoak dira. Osasuntsu egoteko horien guztien oreka lortzea da gakoa"

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Huarte Arano 2015ko uzt. 10a, 08:10

Ana Carmen Huarte
Nafarroako dietista-nutrizionisten elkargoko presidentea da. Xalok zentroak hiru urte beteko ditu aurten. Hala ere, 18 urteko esperientzia du elikadura eta nutrizio lanetan.

1. Zer da Xalok?
18 urtetako lanak sortu du Xalok. Elikadurarekin zerikusia duten arazoak lantzen ditugu. Baina ez da hori bakarrik. Nutrizioaren garrantziaz ohartarazteaz gainera, kirola, estetika eta erlaxazioa ere beharrezkoak direla azaltzen diegu gure bezeroei. Osasuntsu egoteko horien guztien oreka lortzea da gakoa.

2. Gorputzeko arazo asko konpondu daitezke jateko modua aldatuta?
Gure gorputzean sortzen diren arazoak, eritasunak edo minak elikadura egoki batekin sendatu edo hobetu daitezke. Filosofia horrekin egiten dugu lan.  

3. Zer jaten dugun garrantzitsua da, baina ez da gauza bakarra osasuntsu sentitzeko.
Elikadura zaintzeaz gainera, bestelakoak ere kontuan hartu behar dira. Oso garrantzitsua da kirola egitea. Gorputza zainduz eta burmuina zainduz lortuko dugulako benetako ongizatea.

4. Dietista-nutrizionista izatea askoren ustez 'mehetzeko aditu' izatea da. Ez da horrela, ordea.
Duela 18 urte lanean hasi nintzenean, egia da niregana etortzen ziren bezeroen %100 mehetzeko dieten bila zetorrela. Gutxika, guk dugun filosofiari esker eta hori eurei azaltzearekin batera bezeroen helburuak ere aldatuz joan dira. Mehetzea izan daiteke askoren xedea, baina gero eta gehiago da ongi jateko ohitura hartzen hastea.

5. Modu orekatuan jateko ohitura hartzea kostatzen da?
Nik proposatzen ditudan aukeren artean denetik jateko paradarik bada. Ez dago modu bakar bat ongi jateko. Pertsona bakoitzaren bizitzaren eta gorputzaren beharren araberakoa da eskaintzen ahal diegun jateko modua. Ez dago jateko modu estandarrik. Batzuei gehiago kostatzen zaie jateko ohitura egokia mantentzea ; baina, egia da ahalegina egiten duenak hobekuntza sumatzen duela bere egunerokoan.

6. Xalok zentro gisa duela hiru urte zabaldu zenuten.
Nutrizionista eta dietista naiz ni, baina elikadura zaintzearekin ez da nahikoa. Hau da, bezero askorekin bestelako profesionalen beharra nuela antzeman nuen. Kirolari bat nigana etortzen zitzaidanean esaterako, nik elikadura mota bat eskaintzen nion, baina horrekin bakarrik ezin du aurrera egin. Prestatzaile fisiko baten beharra du, fisioterapeuta batena ere bai, agian, eta kirol medikuarena, adibidez. Nik Xalok ireki arte ez nuen aukerarik nire filosofia jarraitzen zuten profesionalengana bidaltzeko, eta orain, zentro honetan bertan daude. Oinarri berberak segitzen ditugu guztiek eta lan egiteko modu berbera dugu. Beraz, eskaintza osoagoa da.

7. Urteotan sumatu duzu jendearengan elikadura okerra izateak ondorioak dituela?
Digestio arazo asko dago. Eragina gauza askok izan dezake, kasu batzuetan urte askoan medikazioa hartzeagatik sortutakoak, droga kontuengatik, estresa, antsietatea eta  bizitzeko daukagun modua.

8. Lehen aipatu duzu ez dagoela jateko modu estandarrik. Zeintzuk lantzen dituzue Xaloken?
Pertsonaren bizimoduaren arabera eta berak behar duenaren araberako elikadura erak eskaintzen ditugu. Dieta batzuk terapeutikoak dira: obesitatea, kolesterola, hipertentsioa, diabetea, azido urikoa, anemia edo kardiopatiak kontuan hartuz, adibidez. Dieta alternatiboekin ere lan egiten dugu, horietan ere jakintza badudalako, besteak beste: disoziatuak, makrobiotikoak, barazkijaleak eta proteikoak.

9. Zer nolako jendea etortzen da Xalokera?
Mota guztietako jendea dugu Xaloken. 5-6 urteetatik zahartzarorainoko jendea pasatzen da kontsultatik. Haurrak direnean alergia eta intolerantzia asko izaten dituzte eta gurasoei laguntza handikoa zaie hemen eskaintzen dieguna. Nerabezaroan anorexia eta bulimia ere lantzen ditugu. Hortik aurrera jende helduagorekin ezein motako arazo. Onkologiatik pasatako jendearekin ere lan handia egiten ari gara. Kirolari asko ere etortzen da gurera.

10. Uda aurretik etortzen al da jendea "dieta miragarri" eske?
Bada, tamalez oraindik bada halako jenderik. Guk ez dugu miraririk eskaintzeko. Hori ez dator gure pentsamenduarekin bat. Elikadura bizi osoan zaindu beharrekoa da, osasuntsu izateko beharrezkoa da. Mehetzeko beharra duenak ere, esfortzua egin behar du eta ongi janez argaldu.

11. Zein aholku emanen zenuke elikadura osasuntsu bat izateko?
Denetik jatea baina modu orekatuan. Produktuen kalitatea ere aintzat hartzea oso garrantzitsua da. Modu ordenatu batean jan eta elikadura egoki bat izatea ohitura bilakatu. Oso garrantzitsua da hezkuntzan nutrizioarekiko ohitura egokiak ematea haurrak direnetik. Oreka mantendu behar da jaiotzetik elikadura zainduz eta kirola eginez, horrela izanen baitugu burmuin osasuntsua.