Zamartzeko arkeologia indusketa

Zamartzera itzuliko dira arrasto arkeologiko gehiagoren bila

Erabiltzailearen aurpegia
Zamartzera itzuliko dira arrasto arkeologiko gehiagoren bila
Arkeologoak Zamartzen lanean.

Azkeneko kanpaina izan liteke aurtengoa. Finantziazio faltagatik indusketa lanak bukatutzat eman beharko dituzte nahiz eta Zamartze emankorra izan arkeologia arrastoan.

 

Seigarren kanpaina eta azkena izan liteke aurtengo udakoa. Fran Valle de Tarazaga indusketa eta ikerketa arduraduna Aditu enpresarekin ari da lanean Zamartzen. Uharte-Arakilgo eremu hori arkeologia indusketan oso aberatsa dela uste du Valle de Tarazagak. "Aurreko bost kanpainetan egindako lanek erromatar garaiko jendea nola bizi zen eta oro har gizartea nola antolatzen zen jakiteko aukera eman digute", azaldu du. Iaz dena dela, izan ziren euriteen ondorioz ezin izan zuten nahi adina lan egin. Hala ere, pozik daude emaitzarekin material berria lortu zutelako eta erromatar garaiko eraikuntza zenbaiten zantzuak topatu zituztelako lur azpian.

Erdi Aroko hilerria dagoen eremuan orain arte ezagutzerik izan duten arrastorik zaharrenak topatu dituzte. Oraindik, hori bai, aurkitutako monasterio baten arrastoak ikertzea falta da zehazki jakiteko zein garaikoa zen monasterio hori. Indusketetan aurkitutako gainerako materialarekin errazagoa izanen da lan egitea mantentzea oso ona delako. Datu zehatzagoak ezagutzeko aukera izatea espero dute, erromatar garaiaren ondorengo gizartearen ezaugarriak zeintzuk ziren jakiteko.

Erromatar garaiko kronologia osatzeko lanak ere egin dituzte Zamartzen aurkitutakoarekin. Horretarako, baina, iazko kanpaina ez zen batere aproposa izan. Eurite asko izan zituzten eta horrek ez zien utzi behar bezala lurra lantzen. Eguraldia ez ezik, Erdi Aroko aurkikuntza bat ere izan zuten tartean eta hori lantzea ere komenigarria izan zitekeela iritzi zuten. Zehazki, eraikin baten zantzuak topatu zituzten, baina oraindik ez dute argitu zein funtzio zuen eraikin horrek.

Iazko jardunarekin segitzeko asmoa aurten
Erromatar garaiko kronologia egiten jarraitzea eta orain arte aurkitutako piezak nondik datozen argitzea izanen da seigarren kanpaina honen xedea. Horrez gain, hilerrian hilobietatik ateratako gorpuzkinak aztertu eta garai hartako jendearen ezaugarriak ezagutzeaz gainera bizimodua ere zer nolakoa zen jakin nahi dute. Erromatar garaiko galtzadak ere aztertzea da asmoa eta beste eraikinik ba ote zen inguru horretan argitzea. 15 arkeologia ikasle izanen ditu Valle de Tarazagak berarekin eta beste zenbait arkeologo aditurekin batera lanean. Suitzatik, Erresuma Batutik, Estatu Batuetatik eta Kanadatik joaten dira Zamartzera ikasitakoa praktikan jartzera. Uztaila amaieran eta abuztuan izanen dira lanean.

Oraingoz behintzat seigarrena azken kanpaina izanen dela dio Valle de Tarazagak: "arkeologia indusketan oso aberatsa da Zamartze baina finantziazioa behar da lan hauetarako", azaldu du. Dena den , ez da bakarrik diru faltagatik izanen. Urteotan egin dituzten aurkikuntzak sakonki aztertzeko aukera izanen dute gainerako kanpainetan. Lurra aztertzeari utzi eta aurkikuntzak ikertzeari ekinen diete, beraz.

300 gorpuzkin dira Zamartzeko hilobietatik atera dituztenak, 500 aurkikuntza material ezberdinak uztartzen dituenak eta milaka zeramika puska ere bai. Informazioa eskuratu eta horiek guztiak zein garaikoak ziren identifikatu behar dituzte datozen urteetan. Laborategiko lana da aurretik dutena. Modu horretan, etorkizunean indusketa lan gehiago egiteko orain arte aurkitutakoa zer den, nortzuk diren, zer egiten zuten eta noizkoak ziren argitzea ezinbestekoa da. Hori argituta, etorkizuneko bilaketa nondik nora joanen den zehaztea etorriko litzateke.



Aurkikuntzak herritarrendako ikusgai
"Une aproposa izan daiteke orain arte Zamartzeko lanetan egindakoarekin jakin duguna herritarrekin konpartitzeko", uste du Valle de Tarazagak. Uharte-Arakilgo bizilagunendako eta gainerako sakandarrendako ongi legoke Zamatzeko museoan euren lurretan agertutako guztiaren berri ematea. "Herritarrek euren historia ezagutzeko eskubidea dute, aukera hori eman behar zaie", nabarmendu du.

Indusketa lanean ari direlarik ere bada aukera Zamartze bisitatzeko. Edozein unetan bertaratzeko aukera dagoela azpimarratu du Valle de Tarazagak eta bisita gidatuak ere eskaintzen dituztela gogorarazi du. Larunbatetan izaten dira bisitak 11:00etan. Lehenago izen ematea komeni izaten da, eta horretarako e-posta idatzi behar da info@aditu.info-ra. Era berean eta aurreko urteetan bezala, norbaitek interesa izanen balu indusketa lanetan boluntarioki aritzeko ere bidali dezake eskaera.