"Fruituak eta barazkiak espiralean landatu ditugu, unibertsoaren erakusle"

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Huarte Arano 2015ko ira. 4a, 12:14

Eder Goicoechea Lopez eta Coro Lopez Galarza.
Mundua begiratzeko begia marraztu dute Ederrek eta bere amak Iturmendin duten baratzean.

1. Zergatik bururatu zitzaizuen ezohiko baratze bat egitea?
Modu berezian hasi ginen fruituak eta barazkiak landatzen. Lurraren arabera, eskatzen duenaren araberako kokapena dute barazki horiek. Erreka ondotik pasatzen da eta horrek lurrari ematen dion gaitasuna ere baliatu nahi genuen, ahalik eta hobekien aprobetxatu inguruan ditugun aukera guztiak.

2. Baratzera iritsi orduko, begi erraldoi bat ikus daiteke lurrean marrazturik.
Mundua ikusten du lurrak begi horren bidez. Ama lurra ikusten dugun modua irudikatzen du begi horrek. Begi ninian, sendabelarrak hazi dira; horren inguruan koloretako loreek bizipoza islatzen dute; kornea txuri mantendu dugu libre garenaren seinale eta betileak ere irudikatuta daude hosto luzeak dituzten landareen bidez.

3. Zein da asmoa?
Ez dugu asmo finko bat. Gure Ama Lurrak eskaintzen diguna baliatu eta Lurrak berak eskatzen duenaren arabera ekitea da asmoa. Hau da, garaian garaiko uzta landatuko dugu eta garaian garaikoa jan edo erabiliko dugu.

4. Urtebete daramazue lan honetan.
Iazko udan ekin genion lan honi. Ederri asko gustatzen zaio baratzean ibiltzea eta asko ikasten ari da. Alor teorikoa barneratuta, praktikara eramatea izan da asmoa. Baina ez genuen ohiko baratzea sortu nahi. Ahalik eta modu naturalenean landatu eta jaso nahi genituen fruituak eta barazkiak, eta horretan ari gara.

5. Ezohiko baratzea da, modu tradizionaletik urrundu zaretelako.
Ez ditugu ilaratan landatzen barazkiak eta fruituak. Kiribilez osatu dugu baratza. Begia mundua ikusteko baliatu dugun moduan, espiral horiek unibertsoaren sorreraren eta izaeraren erakusle dira. Hamaika kiribil dira guztira, eta elkarren artean komunikatuak daude.

6. Labirinto modukoa hortaz.
Bai, hala ere deskriba daiteke. Halakoetara ohituta ez dagoena, galdu egiten da baratzean barna. Labirintoa da, baina, irekita dago mundura, ez du mugarik.

7. Ilaran ez dituzue landatu, espiraletan nola moldatu zarete?
Espiral guztien erdiguneetan sendabelarrak landatu ditugu: kalendula, salbia, melisa, tomilloa, labanda eta hierbaluisa; eta espirala handitzen doan heinean gainontzekoak: tomateak, kalabazak, piperrak, alkatxofak, patatak, tipulak, brokolia, aza, meloiak, sandiak ... Denetarik dugu.

8. Garaian garaikoa, eta dagoeneko udazkenari begira jarriak zarete.
Bai. Lehen landaketa handia, ekainaren 1arekin egin genuen, solstizioarekin batera. Egun berean dena landatu genuen. Ez genekien ongi aterako zitzaigun, baina, hazi guztiek eman dute fruitua. Beste berezitasun bat da, ez dugula baratza behin ere ureztatzen. Eguraldiaren arabera hazi da guztia. Ez da beharrezkoa izan ur gehiagorik. Lehen esan bezala, errekaren hezetasuna baliatu dugu, eta ur gehien behar dutenak, errekatik ahalik eta gertuen jartzen saiatu gara.

9. Zuentzako produktuak eskuratzea da xedea?
Oraingoz, lehen urtea denez landatzen eta jasotzen hasi garena, etxean geldituko dira produktu guztiak eta lagunen artean banatzen ari gara. Asmoa, baratzea nola landu eta mantendu gehiago ikasten dugun heinean, modu batean edo bestean saltzea ere izan daiteke. Poliki hasi gara, ikusten zer den lurrak eskaintzeko duena eta guk egin dezakeguna.

10. Ordu asko ematen dituzue baratzea zaintzen.
Beti bada zerbait egiteko. Egunero hiru ordu gutxienez ematen ditugu. Oraindik bukatu gabe ditugu garbiketa lan zenbait eta beti jaiotzen da nahi ez dugun landareren bat. Ez dugu produktu kimikorik erabiltzen eta barazkiei intsektuak sartzen bazaizkie, tratamendua naturala da, denbora gehiago behar da tratatzeko.

11. Finean, naturarekin hartu emana filosofia bereziarekin ari zarete egiten.
Bai, ahalik eta modurik naturalenean, kalterik gutxiena sortzen eta ahalik eta errentagarritasun handien ateratzen saiatzen ari gara. Beti ere, asko gozatzen dugulako hau egiten eta ideia polita delako modu tradizionaletik aldendu eta baratze ekologiko berezia sortzea. Kontent gaude lortzen ari garenarekin.