Halabeharrez motoetatik aldenduta

Erabiltzailearen aurpegia
Halabeharrez motoetatik aldenduta

Alex Mariñelarenak (05-10-1992, Irurtzun) medikuen gomendioei jarraituko die eta motoetatik jaitsiko da. Lehiari utziko dio baina ez ditu erabat motoak utziko, lagunartean eta dibertsioaz gozatzen segitzeko asmoa du.

Paul Ricard zirkuitua ez du erraz ahantziko pilotu irurtzundarrak. 2014an ezbehar larria izan zuen, Tech 3 talde frantziarrarekin Motoziklismo Mundialerako Moto 2 mailan aritzeko entrenatzen ari zela. Astebete eman zuen istripuaren ondorioz koma induzituan. Errekuperazio luzea izan du, baina medikuek gomendatuta motoan lehiatzeari utzi beharko dio Mariñelarenak. Lehian aritzeko ezgaitasuna duela esan diote. Erabakia hartzea ez da erraza izan, baina, akats txikiena izanda ere, kalte larriak eragin diezazkioke eta horren aurrean besterik egiterik ez duela izan uste du.

10 urterekin hartu zuen lehenengoz moto bat Mariñelarenak. Familiatik datorkio afizioa. Etxeko bajeran beti ikusi ditu motoak. Haren aitonak eta osabak gidatu izan dute motoa eta deigarriak egiten zitzaizkion txikitatik. Gogoan du lehen aldia moto gainean. Herrian hartu zuen lehenengoz osaba Carlosen laguntzarekin. Garai hartan soka batzuez lagunduta aritu zen, ez baitzen hankekin lurra ukitzera ere iristen. Berak gidatzeko papera hartu zuen osaba atzean zuela nola maneiatu erakusten: "Plazaolara igo ginen, pistetatik lehen aldiz motoan ibiltzera", ekarri du gogora. 2005ean lehiatu zen lehenengoz zirkuitu batean. Iruñeko Parke Polon izan zen. Lehenengo trofeoa ere han eskuratu zuen eta herrian egindako lasterketetan iritsi ziren hurrengoak. Lehen urte haiek lehiatzeaz baino gozatzeaz arduratzen zela iritzi du.

Ibilbidea
"Ez da erraza izan goi mailara iristea", dio. Bide gogorra egin behar izan du Mariñelarenak Espainiako eta Munduko maila gorenetan parte hartu ahal izateko. Baina bideaz ere gozatzen jakin duela esan du. "Maila gero eta handiagoan egon, orduan eta lan handiagoa egin behar da", nabarmendu du. Fisikoki prestatzeaz gainera oso garrantzitsu jo du alboan jendea izatea babes ematen eta baliabide nahikoak izatea aurrera egin ahal izateko. "Lehen urteetan ekonomikoki gurasoek eta oro har familiak lagundu dit, ondoren, zortea izan nuen enpresa pribatu batek laguntza eskaini zidalako eta aurrera egiteko aukera eman zidalako", esan du. Olaberria, Villacaryo (Burgos) eta Zuera (Zaragoza) izan ditu entrenamenduetarako zirkuitu. Los Arcosekoa ere erabili du, baina gutxiago. Espainiako lehian hasi zelarik oraindik eraikitzen ari ziren eta hortaz azken urteotan egin ahal izan ditu han entrenamenduak: "Los Arcoseko zirkuitua oso baliagarria da ni bezala motoetan aritzen garenontzat".

Bidaiatzeko aukera eman diote motoek
Herrialde ugari bisitatu ditu Mariñelarenak motoaren gainean. Espainiako erkidego askotan hartu du parte, Espainiako Abiadur Txapelketan eta Mundialean. Mundialean, Italia, Alemania, Frantzia eta bereziki Australia, Malasia eta Japonia ditu gogoan: "Beste errealitate asko ezagutzeko parada izan dut. Herrialde askotan kalean ikusitakoa ahaztea ez da erraza izanen". Malasian esaterako, aberats eta pobreen arteko aldea handia izanagatik ere, kalean elkarbizitza ohikoa da eta baliabide ekonomiko gutxi izanagatik ere irribarrea ahotik ez zaiela ezabatzen dio. Iritsi gabeko lurraldeak ere baditu: Estatu Batuak eta Argentinara iritsi gabe amaitu da bere etapa. Motoekin lehian ez da han ariko.

Albisterik garratzena
Lehiarik ez egiteko gomendioa jaso zuen duela hilabete gutxi Mariñelarenak. 2014an izandako istripuaren ondorioz, lehian aritu eta beste istripu bat izateak ondorio larriak eragiten ahal dizkiola jakitean hartu du erabakia. Bere esku zegoen guztia egin du errekuperatu ahal izateko, baina askotan nahia ez da nahikoa izaten. Goxokia eman eta gero, gabe gelditu denaren sentsazioa du. Gazi gozoa. Baina gaztetasunak aurrera egiteko indarra ez dio kendu. Lan bila ari da. Bere adineko beste gazte asko bezala. Bere bizitza berregite bidean da jada. Etapa bat itxi, beste bat zabaltzeko.