Irurtzundarrek zirkulazio arauak bete ditzatela nahi dute

Erabiltzailearen aurpegia
Irurtzundarrek zirkulazio arauak bete ditzatela nahi dute

Udalak sustatu duen parte hartze bilerei esker errepidean zein akats egiten diren diptiko bidez erakutsi die herritarrei. Kontzientziazio kanpaina jarri dute abian.

Gaizki aparkatzeak, azkarregi ibiltzeak edota behar ez den tokietatik pasatzeak sor ditzakeen arazoa ikusarazi die Irurtzungo Udalak diptikoen bitartez bizilagunei. Herritarrek eurek bilera parte-hartzaileetan eskatuta, zirkulazio araudia gogorarazi diete bizilagunei eta dauden betebeharrak aintzat hartzeko eskatu diete. Maiz izaten dira herrian bigarren ilaran autoak aparkatuta, edo errepide nagusitik abiadura handian pasatzen direnak, ez dituztenak elbarrituentzako aparkalekuak errespetatzen edo bajeren parean autoa uzten dutenak. Horiek guztiak ekidin nahi dituzte eta horretarako bandoen bidezko ohartarazpenak eta diptikoak etxez etxe pasa dituzte. "Kontzientziazio kanpaina da abian jarri duguna, jendeari gogorarazi behar zaizkio arauak eta guztion onerako direnez, bete ditzaten beharrezkoa da", azaldu du Aitor Larraza Irurtzungo alkateak.

Pasa den legealdian ere jakinaren gainean jarri zituzten herritarrak: "Aurreko urteetan ere halako ekimenak egin dira, baina, beharrezkoa da noiz edo noiz gogoraraztea, denbora pasatzen denean jendea erlaxatu egiten da eta berriz ere nolanahi ibiltzen dira autoarekin", jakinarazi du. Hain zuzen, joan den legealdian Irurtzun erdialdeko Amaia kalea autobusendako eta autoendako ixtea erabaki zen. Hala, herriaren erdialdetik trafikoa gutxitzea lortu da. Ikastetxearen inguruan ere auto anabasa sortzen zen. Irakasleak aparkatzeko tokirik gabe gelditzen ziren, adibidez. Arazo horiek guztiak konpontzen ahalegindu ziren.

Oraingoan trafikoa moteltzea, egoki aparkatzea eta araurik ez haustea nahi du udalak. Horretarako, egindakoaz gainera, gaizki jokatzen duten kotxeei txartel bat utziko diete udaleko langileek, ohartaraziz egin duten akatsaz. "Irurtzungo Udalak ez du eskumenik isunak jartzeko eta horretara ez dugu iritsi nahi. Jendea ohartarazi eta kontzientzia dadin nahi dugu", nabarmendu du Larrazak.

Urtebeteko lanaren balantzea
Urtea egin berri du hauteskundeak izan zirenetik. Horrekin batera, Irurtzungo Udalera aldaketa iritsi zen. EH Bilduren esku utzi zuten herritarrek gidaritza eta ordutik Aitor Larraza dute alkate. Pasa den legealdian onartu zituzten aurrekontuekin aritu ziren hasieran, eurek egin zituztenak bukatzen. Orain, herritarren parte hartzearekin batera diru-partida berriarekin ari dira. EH Bilduk adostua duen programaren zati handi bat eraman dute aurrera, nahiz eta oraindik goiz den guztia osatu ahal izateko. Larrazak nabarmendu du zailtasunak ere izan dituela legealdi hasiera honetan: "Gogorrena, jendea zuregana hurbiltzen denean zailtasun edo larrialdi egoera batekin laguntza eske eta ezin duzunean ezer egin. Gauza asko ez daude udalaren esku eta kosta egiten da halako egoerei ezezkoa ematea edo ezin ezer egitea", adierazi du.