Aniztasuna, aleka aleka

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Huarte Arano 2017ko mai. 17a, 08:14

Mundu zabaleko txoko askotako arrozak egin dituzte larunbatean Irurtzunen. Maroko, Senegal, Ganbia, Siria, Irurtzun, Atakondoa eskola, jubilatuen elkartea eta AEBko erara egindakoak izan ziren.

Arroza egiteko era bakarra ez dago. Hala ikusi ahal izan zen Irurtzunen larunbatean. Mundu zabalean asko dira arroza kozinatzeko erak. Batzuek berdurak tartekatzen dituzte, besteek oilasko zatiak, urdaiazpikoarekin egindakoa ere bai edo beganoa. Zapore ugari zereal bakar batendako. Mila modu, mila zapore. Aniztasuna aleka aleka erein zuten Irurtzunen.

Goizean goizetik jendeak hartu zuen lekua Foru plazako aterpean. Batzuek egurrezko koilarari eragiten zioten bitartean besteak kolorez betetako stand-ak ikusten aritu ziren. Asia, Amerika, Afrika ... kontinenteak irudikatu zituzten. Lurralde bakoitzaren berezitasunak bildu zituzten Atakondoa ikastetxeko ikasleek eta bakoitzari bere tokia egin zioten plazan. Aste guztian aritu baitziren lurralde bakoitzak duen aniztasuna lantzen, lurralde bakoitza pixka bat gehiago ezagutzen.

Prestatutako arrozen dastatzea iritsi zen 13:30ean. Zapore desberdinak eta testura ezberdinak probatuta mahai inguru batean elkartu ziren denak paella jatera. Egun borobila irten zen Munduari arrozen bidez buelta emateko.