Ihoteak-Inauteriak 2018

Inauterietako koloreetan, zuri-beltza garaile

Erabiltzailearen aurpegia

Inoizko jendetsuena izan da herri-bazkaria 320 lagunekin mahaien bueltan. Txarangaren doinuekin, kalejiraren mugimenduekin eta desfilearen xarmarekin alaitu zen eguna herrian.

Zuri-beltzean egindako garai bateko argazkia. Horixe izan zen inauterietako mozorro festaren garaile. Desfilean pasa ziren dozenaka herritarren artetik epaimahaiarendako marko baten barrukoa izan zen onena. Garai bateko ikastetxeetan ikasturte amaieran atera ohi zituzten gelako argazkia irudikatu zuen kuadrila batek. Koadro baten gisan, baina baita garai bateko jolasen bidez ere: kanikak, txapak, soka saltoa... eta halakoak zituzten. Baita irakasle izandako mojak ere. Txuri beltzak izan zuen indarra baina baita koloreak ere. Marie Popins, Rey Leon filmeko pertsonaiak, Ferrary markako auto gidari eta mekanikariak, Veneziatik etorritako maskaradunak... denek izan zuten tokia Irurtzunen.

Hotzari aurre eginez, txarangak mugiarazi zituen inauterietan barneratu ziren guztiak eta herrian barna kalejira alaian izan ziren egun osoz. Eguna despeditzen zelarik ere, taberna giro bikaina izan zen herrian. Bezperan ez zen eguraldiarekin zorterik izan eta herri ihotearen segizioa ezin izan zen atera.