Gaur Ez: rock gordinaren eta melodikoaren arteko doinua

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Huarte Arano 2018ko mar. 9a, 12:44

Bigarren lana labetik atera berria eta lehen aurkezpen kontzertua eginda, aurrera begira jarri da Gaur Ez taldea

Lehenengo diskoa atera zutenetik gauzak asko aldatu dira Gaur Ez taldean. Abeslari berriarekin datoz oraingoan, adibidez. Baina, esentzia eta nortasuna galdu gabe igo dira oholtza gainera berriz ere. Lokalean ere modu horretan sartu dira. "Ez gara inoiz desagertu, estudioetan eta entseatzeko geratzen segitu dugulako", azaldu du Xabi Unanua taldekideak. Kitarrak, baxuak eta bateriak astintzen segitu du Gaur Ez taldeak. Tartean, abeslariak, Julek,taldea uztea erabaki zuen eta egoera berri horren aurrean erabakiak hartzen aritu ziren. Zehaztasunik gabe lehenbizi. Kantuak sortzen eta barnera begira. Baina behin, kantu mordoxka eskuartean zituztela, casting-a egiten hasi ziren abeslari berria taldean inkorporatzeko. Amaia da orain Gaur Ez taldeari ahotsa jartzen diona. "Ahots desberdinak dira, baina, bakoitzak bere nortasuna du. Amaiak, indarra du, tinbre polita du", dio Unanuak. Gainerako taldekideekin osatzen da Gaur Ez: "Bizitasuna ematen dio Julenek bateria joz, Idoiak pertsonalitatea eta nortasuna, Alfredorekin batera ni neu taldearen arima garela esanen nuke, taldearen sortzaile ere bagaren aldetik".

Txuria eta morea aukeratu dituzte bigarren laneko diskoaren portadarako. Begiak ere, gertu gertutik ikus daitezke azaleko irudian. "Taldeak oholtza gainera igotzeko zuen gogoak islatuta gelditu dira diskoaren azaletik hasita", esan du Unanuak. "Begirada femeninoa da. Gogorra eta indartsua".

Musika konposizio aldetik, diskoa borobildu nahi izan dute, ziklo baten gisan irudikatu dute: "Intro batek barneratzen du entzulea, kantuak datoz gero eta amaierarako out bat ere badago, hasierako introarekin lotura duena eta irteera bat markatzen duena", adierazi du. Bederatzi kantu dira, guztiak euskaraz. "Zalantzarik ez dugu, gure komunikatzeko hizkuntza da euskara. Beti euskaraz egin dugu, baita gure artean ere. Harremanak euskaraz dira eta gure egunerokoa ere bai. Kantuak ere, halakoak dira", esan du. Beste hizkuntzak ez dituzte baztertzen baina ildo nagusia euskara izanen dela ziur dute.

Hitzen aurretik, doinua
"Musika egiten dugu lehenbizi, eta gero etortzen dira letrak". Gaiak adosten dituzte taldekideen artean eta gero, kantuak elkarrekin edo norberak ere sortzen ditu. "Mezuak azaleratzeko modurik ederrenetakoa da musika. Norberaren arazoak, sentipenak, amorruak, aldarrikapenak... azaleratzen ditugu", azaldu du. Musikari dagokionez, erreferentzia desberdinak dituzte taldekideek. Hori guztia nahastuta sortu da Gaur Ez. "Rocka da. Gordina eta melodikoa. Diskoan eta zuzenekoan entzuteak ere ez du zer ikusi handirik. Neurtuagoa dago diskoan, zuzenekoan libreagoa da".

Lehenengo diskotik urte batzuk pasata, aldaketak sumatu daitezke Gaur Ez taldearen bigarren lan honetan. "Goxotu egin gara", esan du Unanuak. Norberaren gustuak ere aldatu egin dira. "Teklatua, giro elektronikoa ere entzun daiteke zenbaitetan.... gauza berriak sartu eta ikasten segitzen dugu. Eboluzionatu egin dugu, eta eboluzionatzen segitzen dugu".

Jarraitzaileekin lehen hartu-emana, egina
Otsailean aurkeztu zuten bigarren diskoa Gaur Ez taldekoek Iruñeko taberna batean. Leporaino bete zen aretoa eta kontzertua bera oso ongi joan zela aitortu du Unanuak. "Sortu zen giroa oso hunkigarria izan zen. Jendearen berotasuna iritsi zen oholtza gainera. Bereziki, lagunak eta gertuko jendea izan genuen entzule", azaldu du. Abeslariarentzat lehen kontzertua zen eta hasi baino lehen bukatu egin zutela iruditu zitzaion. Urduritasunak albo batean utzi eta mimoz egindako bigarren lana erakusteko egun bikaina izan zela diote taldekideek:"Oso intentsoa izan zen. Bost urteren ondoren igo ginen taula gainera, eta, sentsazio desberdinak izan genituen".
Maiatza Rock jaialdian izanen dira aurten. Iruñeko auzoetako festetan ere jotzea aurreikusi dute eta udaberrian zein udan kontzertu gehiago lotzea espero dute.