Egun osoan izan du harrera arrakastatsua Irurtzun-Arakilgo seigarren ganadu azokak

Erabiltzailearen aurpegia

Abereak eta artisau azoka goizean, harri-jasotzaileak eta aizkolariak arratsaldean. Irurtzunera hurbildu direnek gozagarri ugari izan dituzte egun osoan.

Seigarren urtez jarraian bizilagunek harrera egin diote Irurtzun-Arakilgo ganadu azokari. Behiak alde batean, bestean oiloak. Aurreraxeago zaldiak eta astoak, eta baita ardiak ere. Ahuntzek eman zieten txikienei atentzioa: adar oker dotoreak zituzten. Abereek aurre egin diote egun eguzkitsuari goizean. Artisauek ere plaza eta Lizarra kalea beteak zituzten: bitxiak, Lakabeko ogia, gozoak, ukenduak... denetik aukeran. Goizak aurrera egiten zuen heinean taloek ere izan dute tokia askoren ahotan eta gazta ere dastatzeko aukera handia izanda. "Aurten ere inguruko jendea hurbildu da ganadu azoka ikustera. Arrakastatsua izan da seigarrenez azoka" esan du Irurtzungo alkate Aitor Larraza Carrerak.

Gazta dastatze herrikoia
Inoiz baino parte-hartzaileagoa izan nahi du Irurtzunen gazta txapelketak. Irekia da eta edonork probatzen ahal ditu lehiaketara aurkezten diren gaztak, eta gustukoenaren aldeko botoa eman. Bigarren aldiz egin dute modu horretan eta gero eta parte-hartzea handiagoa izaten ari da: "Irurtzun-Arakilgo ganadu azoka gero eta gehiago hurbiltzen da bizilagunengana. Bertara hurbiltzen direnek parte hartzeko aukera izaten dute, eta horrek ere erakarri egiten du jendea", esan du Larrazak. Egozkueko Marta Perez Loperenak lortu du lehen saria, bigarrena Arruazuko Albi Gaztendako izan da eta hirugarrena berriz, Urbasako Carlos Aramendiarendako. Azokan parte hartzen aritu direnek goizeko lanaren ondoren bazkari batekin segitu dute eguna.

Aizkorak eta harriak
Arratsaldeko seietan hasi da erakustaldia. Alde batetik, harriak jasoaz aritu dira. 250 kiloko harria altxatzea lortu du Inaxio Perurenak. Aizkoretan ere izan da lehia. Irurtzungo aizkolarien eskolako kideak izan dira egurra txikitzen: Mikel Razkin, Xabi Lizaso, Eneko Pagola eta Beñat Jauregi.  Azken biek lortu dute egurrik handiena azkarren mozten: 10 minutu eta 20 segundo behar izan dituzte.