guaixe.eus

Saria eskutan itzuli dira Biogalaxy taldekoak Bostongo lehiaketatik

Erabiltzailearen aurpegia   Gizartea

Amerikako Estatu Batuetara eraman dute zortzi ikertzaile gaztek euren proiektua, tartean da, Leire Garcia Mallenco irurtzundarra. Nicotiana benthamiana izeneko landare bat genetikoki eraldatu eginen dute gero hark proteina nahikoa sortzeko gaitasuna duela erakusteko. Etorkizunera begira jarri dira eta landare hori baliagarria litzateke espaziora egiten diren bidaia luzeetan gizakiari bizirauteko nahikoa elikagai emateko.

Saria eskutan itzuli dira Biogalaxy taldekoak Bostongo lehiaketatik
iGEM NavarraBG taldea AEBn sariarekin. Kuxkurtuta, bigarrena eskuinetik, Leire Garcia Mallenco. Argazkia: Iruñeko Planetarioa. | Ikusi handiago | Argazki originala

Eta zuk, zer eramanen zenuke espaziora? Galdera horren erantzunarekin sortu da ideia. Zortzi gazte nafarrek proiektu bat egikaritu dute zientziarekin eta ikerketarekin harreman estua duena. Nicotiana benthamiana izeneko landare batek ekoizle lana egin dezakeela erakusten ari dira: "Horretarako, landare hori eraldatu eginen dugu genetikoki eta horrek eraginen du landarea gai izatea proteina sortzeko", azaldu du talde lan horretan ari den Leire Garcia Mallenco irurtzundarrak. Bakteria batzuk eraldatu behar izan dituzte lehenbizi Agrobacterium tumefaciens izenekoak. Plasmido bat txertatu diote bakteria horri nahi dituzten geneak modu horretan sartzen ahalko dituztelako gero landarearen barruan. Genetikoki aldatutako landareen diseinurako lehen urratsak jorratzen ari dira, horien proteinak modu errazean atera eta purifikatu ahal izatea bilatuz.

Planeta STEM (ingelesezko zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikak) izeneko egitasmoan parte hartzen ari dira, Iruñeko Planetarioaren eta Garapen Ekonomikorako Departamentuaren zein Hezkuntza Departamentuaren babesa duen egitasmoan. Helburua da gazteei zientziarekiko interesa sortzea, eta, zortzi gazte horiengan behintzat sortu du interesa. Taldekide gazteena da Leire 16 urterekin. Proiektuaren berri garagartzaroan izan zuten eta kontent izan dira denbora honetan laborategiko lana egiten: "Zortzion artean ez genuen elkar ezagutzen baina bagenuen komunean zerbait: zientziarekiko interesa. Horrek batu gaitu eta orain proiektu berezi batean barneratuak gabiltza", esan du. Hasieran beldur zen ez ote zitzaion proiektua handi geratuko baina berehala sumatu zuen jakintza maila antzekoa zutela parte-hartzaileek eta egingarria zela lana. Berehala lanean hasi ziren.

Etorkizunean espaziora denbora luzerako joaten direnendako egitasmoa da lantzen ari direna. "Egun, espazioan ez dira denbora luzez egoten eta erraz antzera eramaten dituzte gizakiok bizirauteko behar izaten dituzten elikagaiak eta ura. Baina, nola egin genezake denbora gehiagoz han egon ahal izateko?", galdera planteatu zuten hasteko. Eta ikerketa lanean hasi ziren zortziak, irakasle gidari-laguntzaile bat alboan zutela, Sarah Garcia Hugalde. Berehala pentsatu zuten nolabait espazioan egonda zerbaitek sortu beharko liekeela bizirauteko beharrezkoak zituzten elikagaiak. Eta, hara non, landare bat ekoizle bilakatzea pasa zitzaien burutik. Ideia berez, ez da batere erraza, baina planteamendutik tiraka lortu zuten erakustea posible zela: "laborategira iritsi aurretiko lana nekeza izan da, baina behin laborategian sartu ginela argiago ikusi genuen dena", azaldu du Leirek. "Landare ereduarekin aritzearekin batera ikusi genuen argiago prozesu guztia: BioBrick-en bitartez egin ditugu froga guztiak (DNA sekuentziak dira) eta horien bidez atxiki genion landareari behar zuena, kasu honetan plasmidoa, bertan gero ekoiztuko duen proteina sartu eta ondoren, gai izanen da ekoizle bakan izateko", azaldu du. Proteina da erabili dutena prozesu honetan, helburu dutelako espazioan gizakiek denbora luzean bizirautea Lurretik elikagai gehiegi eraman gabe, baina, bestelakoak ere txerta dakizkioke landareari: "proteinaren ordez bestelako sustantziak txertatuz gero ere ekoizle izan zitekeen modu berean landarea", argitu du.

Oraingoz landarea laborategiko lau pareten artean dute, babestuta. "Ezin da dagoen tokitik atera oraingoz", ohartarazi du. Kontua da, landare hori genetikoki eraldatua izan dela eta oraindik aztertu gabe dago ia kaltegarria izan zitekeen ingurumenean. Horregatik, ez dute aukerarik izan handik ateratzeko. Dena dela, aurkikuntza edo ikerketa lan garrantzitsua izan daiteke. Izan ere, landare bat ekoizle izaten ahal bada edozein sustantzia sartuta, espaziorako garatu duten proiektu hau baliagarria zatekeen herrialde txiroetara halako landareak eramateko: "baliagarria izanen litzateke botikak edo elikagaiak sortzeko adibidez", azaldu du Leirek.


Biogalaxy taldeko kideak. Argazkia: Iban Aginaga.


Bartzelonan lehenbizi, Bostonen orain
Landare ekoizlearen proiektua munduan barrena ari dira eramaten. Lehenbizi Bartzelonan aurkeztu zuten eta oso harrera onarekin gainera. Bertan ziren ikerlari eta zientzialariak aho bete hortz utzi zituzten egitasmoarekin. "Ez da ohikoa izaten ikasle hain gazteek horren korapilatsua bilakatu daitekeen proiektua aurkeztea", zioten gehienek Leirek berak azaldu duenez. "Jendaurreko aurkezpenak ez dira xamurrak izaten, ez behintzat niretako. Oso urduri jarri nintzen, baina uste baino hobe aurkeztu genuela esanen nuke", esan du. John Collins Bostoneko Medikuntza eta Teknologia Zentroko zuzendariari aurkeztu zioten lana ere, eta txundituta geratu zela nabarmendu du Leirek. "Bostonera irabaztera goaz", esan zuen Leirek Bartzelonako arrakastaren ondoren.

Eta esana egi bilakatu da. Igandean jakin zuten euren kategoriako lehen saria eskuratu zutela Landare Sintetikoen High School modalitatean. "Oso ongi joan da guztia. Urduri jarri ziren taldekideak aurkezpenean baina dena oso lotua eraman genuen eta azalpenetan ez zuten hutsik egin", adierazi du pozik. "Maider, Daniel eta Nahia izan ziren oholtza gainera gure egitasmoa defendatzera irten zirenak eta bikain azaldu zuten prozesu guztia". Bukaeran, epai mahaiaren galderei erantzun ahal izateko gainerako taldekideak ere taula gainera igo ziren babes eman eta laguntzera.

Gaztelaniaz aritu ziren euren proiektua aurkezten Bartzelonan, baina, hurrengo geldialdia are zailagoa izan zuten: Amerikako Estatu Batuetan izan dira, Bostonen, Massachusetteko Institutu Teknologikoan. Eta hizkuntzaren aldetik aldea izanen da, ingelesez egin dutelako euren landare ekoizlearen defentsa: "gure taldean ingelesez hobeki mintzatzen direnak izan dira lana defendatzen". Esperientziaz gozatu dutela azpimarratu du: "talde ugari izan gara lehian eta modalitate zein maila desberdinetan. Guri 72. postua egokitu zitzaigun eta ostiralean jakin genuen zein izanen zen gurea aurkeztuko genuen egun eta ordua. Tartea izan dugu entseguak egiteko baita beste talde batzuen aurkezpena entzuteko ere", azaldu du.

Talde guztien azalpenen ondoren eman zuten emaitzen berri. “Hiru modalitatetan izan gara izendatuak: posterrik onenari sarian bigarren gelditu gara; neurketarik onenaren sarian laugarren eta lehen postua lortu dugu Landare Sintetikoen sariketan”.  

Asteartean abiatu ziren Amerikako Estatu Batuetara eta astelehenera arte egon ziren. "Ez da bakarrik aurkezpen bat izan, bestelako lan batzuk ere sortu behar izan ditugu Bostoneko ekitaldirako: sareari lotutako azalpenak edota poster erraldoi bat ere prestatu dugu", gaineratu du. "Irabazteak emanen digu aurrera egiteko aukera", adierazi du. Izan ere, halako lehiaketa bat irabazteak finantziazioa izatea ahalbidetuko die eta, hortaz, ikerketa lanarekin aurrera egiteko bide bat zabalduko zaie. Dena dela etorkizunera begira oraindik ez dute deus lotuta. Lehenengo ideien artean proiektuarekin segitzea dago, baina, taldekide batzuk utzi egin beharko lukete taldea unibertsitate mailara pasako direlako eta beste taldekide batzuk bilatzen hasi beharko dira.  Esperimentatzen segitzeko aukera emanez gero prest leudeke proiektua garatzen segitzeko. Nazioarteko lehiaketa izan da eta mundu osoko 370 talde aritu dira euren proiektuak aurkezten.


Leire laborategian. Argazkia: Iban Aginaga.

Ideia eta aukera berriak ezagutzen
Norberaren proiektua sortu, garatu eta aurkezteaz gainera beste herrialdeetan egiten diren aurkezpenetan talde askoren proiektuak ezagutzeko aukera ere izaten dute gazte ikerlari horiek. Bartzelonan kasu, ideia ugari ezagutu zituzten. "Taldeetako batek eskumuturreko moduko bat  erakutsi zigun. Ideia zen, esaterako, bidaiatzen ari garela, toki ezezagun batera iristean eta gaixotasun epidemia bat balego, eskumuturrekoak gu gaztigatzea", gogoan izan du Leirek. Gaixotasunekin segituz, bazen beste talde bat ikerketa lanetan ari zena minbiziari aurre egiteko birus baten bila zebiltzanak.

Bostonen ere ideia interesgarriak ezagutu dituzte: "Beste bi taldek gure antzerako ideia izan zuten. Eurek pentsatu zuten moduren bat egon beharko litzatekeela espaziora proteina bidaltzeko. Guk ez bezala eurek ez zuten landarerik tartean izan eta euren ideia gurea baino konplexuagoa litzateke garatzeko”.

Ezagutu, jardun, hautatu: STEM Planeta
Iruñeko Planetarioaren eta Nafarroako Gobernuko Ekonomia Garapenerako eta Hezkuntzako Departamentuen proiektu horren helburua STEM (ingeleseko sigletatik zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika) zer den ezagutaraztea da, arlo horietan orokorrean ikasleen artean bokazioak sustatzeko eta, bereziki, emakumeen grina pizteko. Izan ere, diziplina horien matrikulazioetan beherakada atzeman da eta programa horrek bultzada izan nahi du. Jakina da, zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikaren aldeko apustua egiten duten lurraldeek garapen ekonomiko eta berrikuntzarako baldintza hobeak dituztela, horien alde egiten ez dutenekin alderatuta. STEM Planetak gazteei bereziki eta gizarteari orokorrean, materia horien baloreak erakusteko tresna izan nahi du.

STEM Planeta programa hiru zutabetan egituratzen da: STEM Planeta zer den ezagutu, errealitatearekin duten harremana duten ekintzetan jardun ahal izateko, ondoren goi mailako ikasketa horien artean hautua egiteko. Hori guztia kontuan hartuta, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako neskak eta mutilak dira euren etorkizuna erabakitzeko data hurbil dutenak, baina beste talde batzuk ere jomugan daude: etorkizuneko zientzialari edo teknikariak izanen diren haurrak, familiak, hezkuntza-komunitatea eta gizartea orokorrean. Diziplina horiek askotan gogor edo zailtzat hartzen dira eta horien irudi adeitsua erakutsi nahi da egitasmo honen bidez.

IGEM lehiaketa
International Engineered Genetically Machine Foundation, iGEM Fundazioa alegia, irabazi asmorik gabeko erakundea da. Hezkuntza, eskuduntza eta biologia sintetikoaren inguruan lan egiten du, lankidetzako komunitate irekia garatzeko. iGEMen ibilbidea 2003ko ilbeltzean hasi zen Massachusettseko Teknologia Institutuan (MIT) bereizitako ikerketa ikastaro gisara, eta horretan, ikasleek zelulak keinuka aritzeko dispositibo biologikoak garatu zituzten. Ikastaro hura 2004. urtean lehiaketa bihurtu zen eta 5 ikasle-taldek parte hartu zuten. Hortik aurrera, parte-hartzaile kopuruak gora egin zuen: 2005ean 13 talde aritu ziren eta 2016. urtean 42 herrialde desberdinetako 300 talde lehiatu ziren, osotara 5.000 ikasle baino gehiago bildu ziren.

iGEM fundazioaren programa nagusia iGEM lehiaketa da. Horren bitartez ikasleei biologia sintetikoaren mugak gainditzeko aukera ematen zaie munduak dituen eguneroko erronkei aurre egiten dieten bitartean. Diziplina anitzeko taldekideek elkarrekin lan egiten dute bururatu zaien ideia propioa diseinatu, eraiki, probatu eta neurtuz. Lan horretan, pieza biologiko trukagarriak eta biologia molekularraren teknika estandarrak erabiltzen dituzte. Urtero ia 6000 pertsona euren uda iGEM proiektuei eskaintzen diete eta ondotik, udazkenean euren lana erakusteko elkartzen dira urteroko Jamboree-an lehiatzeko.

iGEM lehiaketan parte hartzen ari direnak mundu hobea eraikitzen ari dira biologia sintetikoaren eskutik. iGEM Lehiaketak urtero 6.000 ikasle talde desberdinetan elkartzen ditu euren inguru hurbilean dauden erronka berezituei elkarlanean irtenbideak bilatzeko gogoz. Taldeek mundu errealeko arazoei aurre egiten diete eta www.igem.org webgunea iGEM proiektu desberdinak bisita daitezke.


Biogalaxy taldeko kideak AEBn. Argazkia: Iruñeko Planetarioa.

Biogalaxy taldea
Biogalaxy izeneko taldea da sortu dutena iGEM lehiaketan (Internacional Genetically Engineered Machine) parte hartzeko. Nazioarteko Biologia Sintetikoko lehiaketa da honakoa, urtean behin egiten dena. Unibertsitateko ikertzaile taldeek parte hartzen dute batez ere, baina, bada azpiatal bat zeinetan unibertsitate aurreko ikasleek ere parte hartzen duten.  Talde horretan ari dira lanean zenbait nafar eta honako hauek dira: Maider Manterola Telleria (Iruñeko Sagrado Corazon ikastetxea), Leire Garcia Mallenco (Julio Caro Baroja BHI), Imanol Remon Lasheras (Padre Moret-Irubide BHI), Daniel Saenz Fernandez (Plaza de la Cruz BHI), Nahia Eza Arruti (Calasanz Ikastetxea), Aitor Rubio Aguerri (Navarro Villoslada BHI), Hodei Otegi Gonzalez (Amazabal BHI) eta Leire Zaragueta Abrisketa (Liceo Monjardín). Tutore lanetan Sarah Garcia Uhalde dabil, CSIC-IdABen nekazaritza jardueren teknikoa da.

Egitasmoa hasi zutenetik pausoz pauso joan dira euren lana kontatzen, sarean. Biogalaxyren Bloga sortu dute eta astetik astera zein aurrera pauso egiten zituzten xeheki azaldu dute bertan. Lanik neketsuena agian prestakuntza prozesuarena izan zela onartu dute eta interesgarriagoa izan zaie.



Leire Garcia Mallenco, gertutik
Hamasei urte besterik ez ditu Leire Garcia Mallenco irurtzundarrak baina gauza batzuk argi ditu: "zientzia interesgarria iruditzen zait txikitatik", esan du zalantzarik gabe. Eskolan beti gustatu izan zaizkio ikasgai horiek gehien, zientziarekin eta biologiarekin zerikusia dutenak batez ere. Aitortu du dena dela proiektu honetan parte hartzeko aukera eman ziotenetik argiago duela etorkizunean nondik joko duen: "Orain arte albaitaritza ikasiko nuela esaten nuen beti. Asko gustatzen zaizkit animaliak eta bide hori hartzea erabakia nuen. Dena dela, orain gehiago erakartzen dit biokimikak. Baina marrazketa edo arkitektura ere ez ditut baztertzen guztiz,baita fisioterapia egiteko aukera ere".  Oso kontent dago Biogalaxy egitasmoarekin: "Elkar ezagutzen ez nituen beste zazpi ikaslerekin abiatu dut abentura hau eta oso interesgarria da ikasten ari garen guztia". Ez da batere erraza izan. Ordu ugari sartu dituzte garagartzarotik, IGEM leihaketa martxan jarri zenetik: "Hasieran eskolatik atera eta arratsaldetan izaten ginen. Ikasturtea amaitu zenean larunbatetan egiten genuen hitzordua", kontatu du. Prestakuntza prozesua izan zuten lehenbizi eta gero ikerketa lanera pasa ziren laborategira. Agrobioteknologia Institutuan izan dira lanak egiten.


Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa

Laguntzaileak