Chrysallis-Euskal Herria

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Berastegi 2015ko api. 2a, 08:01

Hilabete honetan Chrysallis-Euskal Herria elkartea sortu da. Elkarte hau haur transexualen familiek osatzen dute eta errealitatea hau gizarteratzea dute helburu.
Transexualitatea urte askotan gaixotasun moduan hartu izan da. Gaur egun zorionez ez da horrela ulertzen, baina hala eta guztiz ere, transexualitatea  ez da gehiegi ezagutzen.

Zer da neska eta mutil izatea?
Transexualitateak  galdera honi erreparatzea ekarri du, eta honi erantzuterakoan gure izate sexuala hobeto ulertzeko giltzarriak aurkitu ditzakegu.

Sexologiak aspaldi erakutsi zuen neska eta mutil izatea faktore askok edo sexuazio prozesu ezberdinek osatzen duten gertaera bat dela. Horrela, jaiotzez genitalekin lotu izan den errealitatea, askoz konplexuagoa dela badakigu. Hau da, genitalen arabera neska eta mutilak ezberdindu izan dira, baina hau ez da sailkapen egokia sexuazio prozesuaren elementu asko kanpoan uzten dituelako. Arestian aipatu den moduan,  neska eta mutil izatea elementu ugariz osatuta dago (kromosomak, genitalak, hormonak, bigarren mailako karakter sexualak, hirugarren mailako karakter sexualak edo ezaugarri kulturalak, eta garuneko sexuazioa – norbera sentitzen dena-) hauek guztiak bizitzan zehar gure neska edo mutil izatea osatzen joango dira, sentituko garen mutila eta neska eraikiz.  

Honek erakusten digu askotan genitalen arabera neska edo mutil bezala sexuatu duten pertsona batek sentitzen duena ez datorrela bat genitalak adierazten dutenarekin. Hau da, bere sexuazioko beste elementuak, garuneko sexuazioa edo norberak sentitzen duena  genitalak adierazten duten kontrakoa agertzen duela. Horrela, argi esan behar dugu zakila duten neskak, eta bulba duten mutilak daudela.

Ezagutzak, informazioa egokia edukitzeak errealitateari begiratzeko betaurreko zabalagoak eraikitzen laguntzen digu, eta honela ikuspegi binarioa (txuri-beltza, kasu honetan  arrosa-urdina) apurtuz ikuspegi irekiagoa eraikiz, gure alboan ditugun errealitateak hobeto ezagutu eta ulertzeko.

Olatz Berastegi
Lilima taldea