Enpatia, iraultza soziala lortzeko bidea

Erabiltzailearen aurpegia

Inauteri ondorengo igandean, parranda ondorengo albiste beltz batekin esnatu ginen Sakanan. Altsauko inauterietan neska bat bortxatu zutela jakin genuen. Notizia entzun bezain laster amorru galanta sentitu nuen, eta amorruaren ondoren, tristurak bisitatu dit azken egunetan.

Zer nolako gizarte mota ari gara eraikitzen? Zergatik indarkeria erabili beste pertsona batekin? Zergatik hainbeste kasuetan sexuen arteko harremanetan tratu txarrak dira nagusi? Noiz utzi diogu besteari begiratzen, erreparatzen, errespetatzen?

Gizarte patriarkalaren eredua indarrean dugula argi daukagu. Ondorioz, emakume eta gizonezkoengan rol ezberdinak eta menpekoak bultzatzen dira, pertsonen arteko harremanetan indarkeria, konpetibitate basatia, eta enpatia falta nagusituz.

Honen harira, eta irtenbide batzuk bilatzeko asmotan, aste honetan artikulu interesgarria irakurri dut. Bertan, enpatia balore bezala indartzea iraultza soziala lortzeko bide bezala planteatzen da. Hau, sexologiako irakaslea den Joserra Landarroitajauregik esaten duen beste ideia batekin erlazionatu dut. Joserraren esanetan mende honen erronka garrantzitsuena zera da: sexuen arteko harremanetan sinergiak bultzatzea, hau da, kooperazioa eta elkarbizitza.

Honek pertsonaren garapenean jartzen du indarra, enpatian, elkarren arteko begiradan, nire burua eta beharrak ikusten ditut eta ondorioz zureak ikusi, onartu eta errespetatzen ditut.

Nire uste apalean beldurrez betetako gizartea eraikitzeak indarkeria handitzen du, zeren horrela indarkerian bizi garela onartuz, beldurra eta defendatzeko harresiak eraikitzen ditugu.Honek, ondorioz, bi posizioak indartzen ditu, biktima eta erasotzailearena.

Honen ordez, eta pertsonen alde egin nahi dudalako, nik ere enpatia iraultza soziala lortzeko bide bezala aldarrikatzen dut. Norberarengandik hastea, besterik ez zaigu geratzen, gizartea guztiok eraikitzen dugulako, aldaketa txiki askok iraultza ekartzen dutelako.