Berlingoa bota zutenekoa

Erabiltzailearen aurpegia Raf Atxuri 2014ko aza. 21a, 06:00

Harresia jakina. Eta harekin batera denbora laburrera Burdinazko Hesia. Gerra Hotzarenak berea egin zuen horrenbestez 1989ko azaroko gau batean. Gehienen ustez beranduegi, beste batzuen iritziz bizkorregi eta taxubide txukunik gabe.

Munduak berrogeita bost urteko epe bati agur esan zion eta Berlin berriro ere XX.mendeko historiaren agertoki. Gerora film sorta ederra etorri zaigu Ekialdeko Berlin gaitzat hartuta, “Good bye Lenin” edo “ La vida de los otros” esaterako. Stasi-renak aztertu eta zabaldu dira lau haizetara. Ez zen normala hiri bat eta herrialde bat horrela zatitzea, baina  gerra amaierek horrelakoak ekartzen dituzte maiz.

Ekialdeko alemaniarrek zer zioten, ordea? Zer hunkidura zetzan beren bihotz eta burmuinetan? Stasi-k gogor kudeatua beldurra, mesfidantza eta kontrola ziren nagusi. Sei biztanletariko bat  gobernuaren informatzailea omen zen. Beren pobrezian duintasuna bilatzen zuten  alde banatara Polonia/sobietak eta senide germaniarrak mailu eta ingude zirela. Askatasun egarria ere nonbait xede premiazko.

Hala ere, ez dakit norainokoa izan zen askatasun nahia gehien astindu eta bultzatu zituena “ossie”ak. Azaroko gau hartan, baita lehenago ere, muga igaro zutenak zeren bila zebiltzan? Askatasun sozial eta politikoaren bila ala… kontsumoaren bila?

Aste baztuk geroago Ekialdeko Berlingo Silkek kontazten zigun beren lilura eta xede nagusia produktuak zirela, erosgaiak, salkinak, erakusleiho beteak.

Eta gu merkataletxe handi batean arratsaldea eman eta gero komunista ohi horiek zer jende mota merke eta kontsumozalea zen ebazten genuen.