Altsasu Euskadiko (sic) hiriburua

Erabiltzailearen aurpegia Raf Atxuri 2015ko urt. 30a, 08:05

Iragan urteko Eguberri giroan gogoak epel eta hesteak liseriketa lan gaitzetan zeudela Por Fin Viernes  saioko momentiko batek asaldatu eta argitu zigun ostiraleko gaua. Mafaldak, baina ez  Quinorenak Mariarenak baizik, euskal  politikagintzaren korapilo gordiano bat askatu zuen deblauki, xalo eta natural. Munduko hiriburuak zerrendatzen ari zen bideo batean urte eta erdiko alaba: “Italia-Roma, España-Madrid, Euskadi… Altsasu.” Horra!

Mafaldari jakinbide hura altsasuar amonarengandik zetorkion eta kameraren aurrean harro azaltzen zen lau urte geroago neskatxa euskal historia irauliko duen profezia pantailan ikusi ondoren.

Mota guztietako tripa eta buru hausteak somatu  ahal izan genituen Pirinio-Kantauri aldeko  bizkarretan. Iribas buru eta Jose Mari Esparza buztan, Nabarraldeko jendeak barne, eta Sabin Etxeko intelligentsia oro astindurik  euskal harri filosofalaren aurkikuntza zabaldu zen bolo-bolo.

Ez Iruñea, ez Gasteiz, ez Donostia, ezta Garaziko herria, hain gutxi Bilbo… Euskal hiriburutza goes to… Altsasu. Ez alferrik Garzia Ximenezen goroatzea Burunda erdiko harizti sainduan kokatu zuen kondairak. Bide batez urdiaindarrek ermitarenean bezala beren puska hartu beharko dute hiriburutasun kontu honetan.
Gernikako arbola ihartu eta zimeldu ondotik  betor kimuak jori eta zainak sendo eta sakon Altsasuko intxaurrondoa, euskal errepublika ponpoxaren ikur handiosa.

Eta euskal ereserki ofiziala? Horixe: Altsasuko zortzikoa. Baietz  Mafalda!