Migrarien udazkena

Erabiltzailearen aurpegia Raf Atxuri 2015ko ira. 25a, 13:06

Udazkena eta udaberria ditugu historiatik eta aurre historiatik ere animalien eta gizakien migrazioen urtaroak. Ardiak larre aldatzeen aitzakian irailean mendiak utzi eta beheko belardien peskizan mugitzen dira. Txoriek, hegaztiek urteroko joan etorri luzeari ekingo diote bidaia senaz.

Aurtengoan, ordea, ehunka mila gizakiren migrazioaren gertaera Europako bazter batzuetako bideak, erakundeak eta jendearen kezkak astintzen ari da. Siriako gerra ez da atzo goizekoa, baina aste gutxitan gure begien aurrean lehertu da eta komunikabideetako lerroburuak bete ditu.

Hurbilegi dauzkagu Hungaria, Grezia, Austria, Serbia edo Kroazia auzi honi ihes egiteko eta irudien gordina latzegia gertatzen ari da geure zereginetan epelean goxo etzanik jarraitzeko. Gerrak eragindako iheslari samalda hauei harrera egiteko hasiak dira Europan barrena herritar talde batzuk ekimenak eta elkartasuna antolatzen eta Europar Batasuneko goi agintariak kuota eta zenbakiekin ados jarri ezinik gizartearen presioak nondik joko zain daude.

Balkanetako azken gerren irudiak ahaztuxeak genituen XXI. mendeko hasiera honetan hara non oinez eta trenez bideak betetzen dituzten jende multzoak ikusten ditugu Munich eta Eskandinavia helburu.
Aurtengo Municheko Oktober Fest-ek desberdina izateko arrazoi ugari ditu, auzi honek hamaika ertz ditu eta larreak eta mendiak orbelez bete aurretik eginbeharreko batzuk bete beharko dira. Europako duintasuna jokoan da.