Sakana Fiturren

Erabiltzailearen aurpegia Raf Atxuri 2016ko ots. 12a, 08:00

Fiturrera bertaratu zen Madrilera sakandarren multzo adoretsu bezain ongi gosaldutako bat. Momotxorroak, Juan Tranposoa, txistulariak, ereileak… baita Unanuko mamuxarruak dandismoaren kutsu pinpirin bat ematen ziotela ikuskizun basatiari. Sakandar segizio odoltsu, beldurgarri eta deigarria zinez.

Sakana bazter urrunetako publiko zabalaren begibistan paratzea zen xedea eta seguruenez zerbaitean bete da helburua. Agerpenaren harian egunkari batek  sakandar ordezkaritzaren kide baten adierazpen bitxi bat orriratu zuen: “ Jendeak ez du Sakana ezagutzen. Japoniarra ematen duela esan digute”. Bada ezjakin horiek ez zebiltzan oso oker japonieraz sakana hitzak arraina esan nahi duelako. Bitxikeria linguistikoaz harago miraz nago ordezkari haren txundimen eta eskandaluarengatik. Sakana Pirinio eta Kantauri ondoko makina bat eskualde bezain ezezaguna da, Arabako lautada, Arratia edo Amikuze konparazione baterako.

Niretako zinezko txundigarriena ondoko hau izan zen: sakandar saldo bat Madrilera joan eta ez zapaltzea Auzitegi nazionala, huraxe bai berritasunaren nabarmena. Pentsamendu honek ekarri ninduen beste eldarnio apokaliptiko batera: momotxorroak eta enparauak senak agindurik eta adarraren deiak besterendurik Fiturrera gabe Auzitegi nazionalera sartzen ziren joare eta zintzarrien durundi hotsak lagun. Epaiketa gelan eta Enrike Zelaiaren begirada zorrotzaren pean eta Morkotsen arkatzik undergroundena erne momotxorro dantzarik psikodelikoena gauzatzen zuten . Palacios epailesak bitartean beste kafe bat eskatzen zuen axolabaiko.
Hura bai akelarrea!