Amildegiak

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Reparaz 2013ko mai. 24a, 00:00

Krisi latz honek kalte izugarriak ekarri dizkio gure gizarteari. Argi dago murrizketek, langabeziak edo etxe hustuketek behin betiko markatuko dituztela ondorengo belaunaldiak. Europatik Alemaniar Batasuna bultzatzen den heinean, hegoaldeko nazioek pairatzen dituzte zurruntasun germanikoaren gaitzak. Historiak kontatuko dizkigu gertatutakoak etorkizunean. Utzitako iturriak aztertuz, analisi zorrotzak eginen dira kausa eta ondorioak konparatuz. Iturri hauek izanen dira gakoa, erruak banatu eta mugimendu sozialak epaitzeko orduan.Historialariek politikarien diskurtso eta komunikazioak aztertzean, harriturik geratuko dira. Agintarien hitzaldien maila ikusirik kezkatuko dira, justifika ezinak diren gauzak justifikatzeko ezintasunaz gainezka, irribarre inozoak erakutsiz, zeinen esku gauden argi uzten dutenean. Komunikabide publikoak manipulazio aldrebestuetan lokaztuta, informatibo lotsagabeak irudituko zaizkie herritarren inteligentzia iraintzen dutela konturaturik. Gezurra gezurraren gainean, Herria nazkaturik, ezagutzen ez ditugun ondorioen kausatzat hartuko dituzte gobernatzeko ezintasuna erakusten duten bokaziorik gabeko politikariak. Adreiluaren semeak, Aznarren ardiak, arriskua ikusirik noraezean gidari gabe, amildegirantz doaz. Andian halakorik gertatu zen duela aste pare bat. Hori bai, segurtasun indarrek atera behar izan zituzten kinka larritik kikildutako ardi inozo haiek azkenean. Espero dezagun inork halako beharrik ez ikustea.