Desamortizazioak

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Reparaz Extramiana 2013ko urt. 11a, 00:00

Historiak maiz erakusten digu gizakiaren zentzu gabeziak mendeen oihartzunean bere hutsegiteak errepikatzen dituela, aurpegia gorritzeko betarik eman gabe. Gaur egun publikoa den oro pribatizatu nahi den honetan, gogora datorkit  1854. urtean Espainiako gobernu liberaleko ministro zen Madozek, herri lurren desamortizazioari ekin ziola Isabel II.aren kontuak hobetzeko asmoz. 1837an jada saldu ziren Elizaren eta udal askoren lurrak ustelkeriaz beteriko enkante publikoan. Lehen desamortizazioak gerra karlista irabazteko dirua lortzea bazuen helburu, bigarrenak Espainia modernizatu eta punta-puntako trenbide sarea ordaintzeko balio izan zuen. Bezerorik gabeko tren hark 25 urte behar izan zituen errentagarri izateko, eta bertan sartu ziren enpresa atzerritarrak esku hutsik atera ziren negozio txar hartatik.Komisioa eta burruntzia, abiadura handiko trena ordaintzeko ez bada ere, laster ditugu garai haietan bezalaxe ondasun publikoak espekulatzaileen esku. Garai haietan herri lurretatik bizi ziren nekazari txiroek soldata irrigarrien truk, beren odolaz mugiarazi zuten industrializazio prozesua. Gaur egun, osasuna, hezkuntza edo gizarte zerbitzuak saldu eta zuloak tapatzen saiatuko dira atzera. Garai haietan Sakanan ez zuten lortu herri lurrak saltzea, hari esker ditugu gure pagadi eta hariztiak bizirik oraino. Espero dezagun gaurko desamortizazioek ere ez dezaten gure paisaia amildegira bideratu.