Ora et labora

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Reparaz Extramiana 2013ko ots. 22a, 00:00

Mundua harriturik utzi zuen aurrekoan Eliza Katolikoaren buruak. Hil arterainoko kargua izan arren, garaiz kanpo (edo garaiz) utzi eta beste bati bidea ematea otu zitzaion. Ugariak dira gure gizartean beren jezarleku, tronu eta bestelako besaulki xamurretatik aldentzeak trauma izugarria sortuko lieken agintariak. Benedikto XVI.a historiara pasatuko da mendeetan zehar inongo Aita Santuk egin ez zuena egin zuelako. Ez bere zortzi urteko agintaldian lortutako gauzengatik, baizik eta ezintasuna onartu eta bidea libre uzteagatik. Orain monasterio batean geratuko omen da otoitz egiten. Agian Iratxe, Irantzu edo Leiren plaza librerik baden galdetzen hasi beharko dira baten batzuk erreinu zaharrean. Presioa jasanezina denean, estolderiak gainezka egin eta urteetan ezkutatu dena guztien begien bistara eta usaimenera irten duenean, hobe beste batzuei bidea uztea. Erdi Aroko abade benediktarren moduan, ora et labora esamolde zaharrera mugatu beharko lukete beren zeregina. Munduari bira eman zion irudiaren zain daude agian, Vatikanoko San Pedro basilikako kupulan tximistak jo zuen dimisioaren berri jakin zen unean. Hau ikusirik Jainkoaren seinaletzat hartu zuten fededunek. Agian Sarasate pasealekuko Foruen monumentuan tximistak erakartzeko gailuren bat ezarri beharko litzateke, ea nork edo nork seinale jainkotiar gisa ikusten duen eta, aulki zaharra utzi ostean, nafarrak bakean uzten dituen behingoz.