Hondartza bareak

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Reparaz Extramiana 2013ko ira. 6a, 00:00

Helburuak eskuekin ukitzear ditugula hondoratu ohi da oin azpian lurra. Urteetako indar eta sufrimenduen fruitua eskuekin hartu nahi dugunean konturatu ohi gara, goiz batez, jada hura emanen zigun zuhaitza ihartu dela. Denborak bere bidea egin ohi du, eta espero genuena ez da izaten askotan jasotzen duguna. Helburuen desirak sortzen digun zirrarak, hauek idealizatzen ditu, lortzea nahiko genukeen hura ezinezko bihurtuz. Desilusiozko helmugan, gure burua neurtu eta ezagutu ohi dugu, baina desirazko bidean bizi genuen hark eman zigun indarra guregan dirau irten ezinik. Pentsalari askok diote, bizitzaren arrazoiak aurkitzeko orduan, garrantzitsuago dela bidea helmuga baino, hobea ausardi eta esperantza lortzeko dagoen altxorra baino. Baina guztiok nahiko genuke gure eskuetan altxorra bidaiaren bukaeran, eta hau galtzeak sortzen digun bihotzeko tristura zaila da hitz goxoez baretzen.Itxaropenerako baina, utziko dugu txoko txikiren bat. Bide luzean agertu ohi diren bidegurutze eta ezustekoek askotan eraman gaitzakete ezin esperoko hondartza bareetara. Desira antzuen atzetik egindako bide nekagarri eta latz hura, orduan, zentzuz aldatu eta ezinbesteko trantze bihurtzen dugu. Gutxien espero genuenean agertzen zaigun zorion oasi hartan, munduak bira eman eta gure ameskeria zaharretik, berri batera garamatza gupidarik gabe. Desilusiozko helmuga berrietara heldu baino lehen, bidegurutze berri bat aurkituko dugun itxaropenez.