Guztia nahi

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Reparaz 2015ko urr. 16a, 08:00

Asteburu honetan sakandar euskaltzaleari badatorkio urteroko urriko erronka. Alde batetik, Altsasuko feriak, behor eta behi bikainen artean animalia eder hauen lurrunean nahastu eta zaldi izter zabalenak goraipatzeko aukera paregabea. Feria eder honen postu amaigabeetan Euskal Herriko izkina desberdinetatik etorritako artisau eta ekoizleak beren produktuak eskaintzen. Autora beti, gazi edo gozo, poltsa bete jaki. Bestalde, Elizondoko Baztan Ikastolak antolatutako Nafarroa Oinezko besta ederra dugu. Kontzertu, ikuskizun eta ederki pasatzeko hamaika apustu bertan. Euskara Nafarroan bultzatu eta ikastolen lan nekaezina laguntzeko aukera. Zaila bat baztertzen, erronka bat euskara eta Euskal Herria maite dituenarentzat.

Gazteago ginenean ez zegoen halako eztabaidarik. Larunbat gaua Altsasun, behor eta zezenak ez, baina beste mota bateko ganadua aztertuz pasa. Artisaurik ez, baina tabernak lepo. Lorik egin gabe, Nafarroa Oinezko autobusa hartu, lo kuluxka egin (batzuetan urrun bazen hobe) eta jarraian antolatutako zirkuituan txertatzen ginen lehenengo txozna topatu eta kontzertuen musikapean leher egin arte. Ongi pasatzeko hamaika aukera. Gazteak guztia nahi du horretarako sasoia duen bitartean.  Denborak behartzen gaitu aukera egitea, bata edo bestearekin gelditzea. Bidean aukeratzen ikasi badugu hobe. Penaz baztertuko duguna, aukeratzen dugunaren prezioa. Hurrengo batean izan behar!