Hori ez da egia

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Reparaz Extramiana 2016ko mar. 11a, 08:00

Gezurtero, embustero erdaraz, engainatzen aditua. Egiaren zirrikituak ezagutu eta argi nahiz itzalak aurreikusten azkarrenak baino ezin mantendu itxura. Herrena baino lehen antzematen  gezurtia, hala dio behintzat esaerak.

Gezurtien artean traidorea dugu lehena, La Pollak esaten zuen moduan lagun batek baino ezin zaitu traizionatu. Haren gezurrak min handiena sortzen du, konfiantza apurtu eta eraikitako erlazioak eraisten baititu bat batean.Gezurti bihozberak, ez omen du gezurra intentzio maltzurrekin esaten. Egoera hobetu eta gauzak gehiegi ez korapilatzeko esaten  du. Gezur horren atzean, ordea, bakoitza bere buruarekin hobeto sentitzeko nahia dago. Arazoei ihes egiteko nahia.

Badira ere gezurti konpultsibotzat ditugunak. Gezurrean beren errealitate gordinari aukera bat bilatzen diotenak. Mundu paraleloak sortu eta inguru osoari iruzur egiten diotenak. Haiek sortutako kalteak ezin dira aurreikusi eta kolpean datoz, baina hark ditu hanka motzenak.

Propaganda eta publizitatea, gezur ekonomikoaren oinarriak. Herritarrengan gabeziak eta beldurrak sortuz etekinak ateratzen dituena. Marketin eta politikan aritzen diren gezurteroak.

Egoismo hutsaren isla, besteen printzipioak hankaz gora jarri, kontzientziak nahastu eta ziurtasun faltatik etekina ateratzeko intentzioa. Harrapatzen ditugunean, ordea, lotsa dator, gezurtiarena ez bada ere, bai behintzat ingurukoena. Egia ez dena gezurra omen.