Musika-kultura hedatzeko ikuskizun multimedia

Guaixe 2017ko api. 7a, 13:29
Andoni Tolosa, Morau. Argazkia: www.badok.eus

Gaur, 22:00etan, Lakuntzako Bil-toki.

Andoni Tolosak, Morauk, euskal kantagintza modernoaren historiaren errepaso laburra, ikuskizun multimedia eskainiko du. Horretarako, zuzeneko musika, bideoak eta audioak erabiliz. Azken hamarkadetako joera nagusiak, artista aipagarrienak eta gertaera garrantzitsuenak ezagutzeko aukera ematen du Morauk bere emanaldian. Aldi berean, harekin batera garai bereko kantaririk esanguratsuenetako batzuk gogoratu eta kantatzeko aukera ere izanen dute Bil-tokin elkartzen direnek. Kantaturiko hitzalditik izanen du gaurko emanaldiak.

Andoni Tolosak Morau izenarekin bost disko argitaratu ditu, azken biak Agotak taldearekin. Beñardorekin ere aritu da. Hainbat hedabideetan musikaren inguruko kolaborazioak egin ditu. Talo dj gisa, berriz, 1998tik dabil. Munduko musikak eta elektronikak bat egiten duten doinuen esparruan mugitzen da, Afrikako, Brasilgo eta Balkanetako musika garaikideari erreparatuz.