Medikuaren etxearekin zer egin aztertzen

Guaixe 2017ko urt. 27a, 09:04
Mediku etxea. Artxiboa.

Lizarragako Kontzejuak 2.000 euroko diru-poltsa sortu du medikuen etxearekin zer egin aztertzeko.  Kontzeju-buru Xabier Senar Veigak azaldu digunez, asmoa litzateke taberna eta denda txiki bat jartzea, Arruazun dagoenaren modukoa. Hori nola egin jakiteko arkitektoekin eta aparejadoreekin egon nahi dute lehenik kontzejukoek, medikuaren etxeak zein aukera ematen dituen jakiteko. Eta dauden aukerak zein diren jakin ondoren, egoki jotzen badute, hura gauzatzeko diru-laguntzak eskatuko dituzte.

Senarrek azaldu digunez, Lizarragako Kontzejuaren aurtengo aurrekontua, 108.500 eurokoa, diru-laguntzak baldintzatuta egonen da. Argi dute argiteria publikoa aldatu eta led bidezko argiak jarriko dituztela, argi kontsumoa murriztu eta faktura txikitzeko. Senarrek azaldu digunez, beste hainbat ideia lantzen ari dira kontzejuan, “baina oraindik ez daude zehaztuta”. Horiek aurrera eramateko Nafarroako Gobernuaren Toki Azpiegitura Planeko, Industria Departamentuko eta Europako diru-laguntzak aztertzen ari dira, elkarrekin bateragarriak diren edo ez, eta kontzejuak inbertsioei aurre egiteko ahalmena duen edo ez aztertzeko.

Horregatik, aurten bide konponketara ez dute dirurik bideratuko. Joan den urtean San Martin ermitarako bidea konpondu zuten. “Urak nahikoa hondatua zuen eta ezpondak atera eta zuloak tapatu zituzten”. Azkenik, “jendea etxetik ateratzeko, kultura pixka bat mugitu nahi dugu, pixkana” esan digu kontzeju buruak. Horren adibide, larunbatean izan zen Iker Zubeldiaren eta Jon Maiaren bertso afaria. Korrika dela eta, hitzordu berria izanen dela ere aurreratu digu.