Inauteriak ihoteak 2017

“Garai bateko egunerokotasuna irudikatzen dute Olaztiko inauteriek”

Erabiltzailearen aurpegia

Mari Arroka olaztiko kondaira zahar bat da. Bihar pertsonaia berpiztuko da eta Urbasatik herrira jaitsiko da inauteriak ospatzera. Mari Arrokarekin batera Zamarraundiak, Zamartxikiak, Iratxoak eta bestelako pertsonaiak egonen dira. Gainera, aurten, hainbat inauterietako pertsonaien bisita izanen dute ere.

Mende erdiz isilduta egon ondoren duela 25 urte berreskuratu zituzten Olaztiko Ihoteak. Hortaz, aurtengo inauteriak bereziak izanen dira. Adelaida Kintana olaztiarra aritu zen inauterien berreskuratze lanetan, Olaztiko adinduekin hitz egin ondoren. 25. urteurrena ospatzeko inauteri “ahaztezinak” izatea nahi du Kintanak.

Nola sortu zen Olaztiko Inauteriak berreskuratzeko ideia?
1937 urtetik aurrera Francok Inauteriak debekatu zituen Espainiar estatu guztian. Inmoralak omen ziren inauteriak. Debekatze horretan zerikusi handia izan zuen elizak. Eliza oso maltzurki aritzen zen eta izugarrizko konplexuak sartzen zituen. Herria autozentsuratzen zen. Hau esanda, ni gau-eskolan nengoela nire ikasleekin gure aiton-amon batzuengana joan ginen Olaztiko euskara berreskuratu eta ikertzeko nahian. Gaia askoren artean bat inauteriak, edo ihoteak, beraiek esaten zuten bezala, zen. Izugarri gustatu zitzaidan gaia. Beraz, galdetzen nien ea nola janzten ziren, zer egiten zuten, zer nolako barrabasakeriak egiten zituzten... Neskek ez zuten parte hartzen nolabait biktimak zirelako. Mutilak nesken atzetik zihoazelako, baina baten bat ausartagoa zen eta anaiaren babespean ateratzen zen. Kontatzen zidaten neskak ere nola janzten ziren. Ikasleekin hitz egin nuen eta bururatu zitzaigun ongi legokeela inauteriak berreskuratzea. Horrela hasi ginen.

Mari Arroka, Zamarraundiak... zenbat pertsonaia daude Olaztiko inauterietan?
Asko dira. 1937rako, inauteriak debekatu aurretik, hiru egunetan ospatzen ziren ihoteak. Lardero egunean, ostegunean, ahuntzainak, basozainak eta behizainak etxez etxe joaten ziren. Kontuan izan behar dugu garai hartan gizartea nekazaritzan eta abeltzaintzan oinarrituta zegoela. Orduan baserrietara joaten ziren baserritar haiek bi eskaintza zereal eman behar zituztelako haien langileei. Etxekoandreek ere eramaten zizkien jaki batzuk. Eskakizun hori egin ondoren merendua edo bazkaria egiten zuten. Haurrek eta ttunttuneroek ere laguntzen zuten. Horregatik, gure ihoteetan ateratzen diren lehenengo pertsonaiak dira, hain zuzen, alkatea, apaiza, medikua, behizainak, ahuntzainak, basozainak... Suziria botatzen dute eta orduan hasten gara segizioarekin.

Beste egun batean Zamartxikiak ateratzen ziren. Ardilarru bakar batez bizkarrean, bururaino, janzten ziren. Aurpegia beltzez margotzen zuten eta gero harrapatzen zuten edonori muxua bezala emateko gerturatzen ziren, baina, aurpegia zikintzen zioten. Kamantxilak eramaten zituzten eta zarata handia egiten zuten. Jendeari edozein gauza botatzen zioten: errautsak, lurra... harrapatzen zutena.

Eta, gero, Zamarraundiak genituen. Zamarraundiak asteartean ateratzen ziren, egun handian, garizuma aurreko egunean. Horiek bi ardilarru eramaten zituzten, bat aurretik eta bestea atzetik. Aurpegia zapi txuri batez estalita eramaten zuten; ipurukoa, farak edo joareak eta gonak eramaten zuten ere. Garai haietan sexualki ere oso zanpatutak zeuden eta Zamarraundi baten batek gonaren azpian ez zuen deus eramaten. Orduan, ikusten zuten edonori bere altxorrak erakusten zien. Gaur egun horren beharrik ez daukagu eta ongi jantzita goaz. Zarata handia egiten zuten: jendeari bazetozela eta egurra eman behar zutela abisatzeko. Makila edo egurrezko sardea eramaten zuten. Haurrek ere korrika egiten zuten eta lelo bat kantatzen omen zuten.

Garai batean, pasa den mendearen hasieran, gizon batzuek gurdi bat atera zuten. Gurdia ongarriz beteta zegoen. Gaur egun ongarria botatzea ez da bidezkoa, ezinezkoa da, horregatik lurra edo zerrautsa botatzen dugu. Gurdi hau idiak bezala eramaten zuten eta labaderora edo iturrira joaten ziren ura edatera. Zamarraundiek egiten zuten.

Gaur egun, gainera, Mari Arroka ateratzen da ere. Elkarrizketatu genituen adindu horiek kontatzen zizkiguten gauza askoren artean bazegoen Mari Arrokaren historia. Pedro Emiliano Bengoetxeak kontatu zigun. Gogoratzen dut nitaz parra egiten zuela ea sineskeria horietan sinesten nuen galdetzen zidanean. Eta inauteriak hainbat urtez ospatu ondoren gazteei bururatu zitzaien Mari Arrokaren kondaira berreskuratzea eta ihoteetan Mari Arrokaren papera ere egitea. Mari Arroka, gainera, ez doa bakarrik. Mari Arrokaren laguntzaileak iratxoak dira, gauez ateratzen den jeinu bat da eta eskuan sua eramaten dute. Galtzagorriak ere ateratzen dira, baina ez dakit aurten aterako diren.

Gizarte oso estu batean bizi ziren eta inauteriak askatasun garaia bat zen, nahi zutena egiteko garaia. Baina, Olaztiko inauterietako pertsonaiek esanahiren bat dute? Zer irudikatzen dute?
Egunerokotasuna irudikatzen dute. Kariben koloretako txoriak dituzte eta luma politak jartzen dituzte. Hemen ardiak genituen eta, orduan, ardi-larruak daramatzagu. Alde batetik, gure ihoteetan islatzen da beraien gizartearen egunerokotasuna. Abeltzaintzaz eta nekazaritzaz bizi zirela. Gurdia ere enborrak ekartzeko, belarra biltzeko, garraiatzeko... erabiltzen zuten. Buru-hezurrak ateratzen baditugu ez dugu jirafa batena aterako, hemen ez daudelako; beraz, zaldi, ahari edo aker baten buru-hezurra aterako dugu. Egunerokotasuna.

Zarata handia egiten zuten ihoteak udaberriaren aurretik ospatzen direlako. Neguan lurra lo dago eta lurrari esaten diote esnatu behar dela. Eguzkia, eguraldi ona, behar dugula eta udaberria datorrela. Eta, aldi berean, farak eta soinu metalikoak radar baten moduan erabiltzen dira ere. Izutzeko edo abisatzeko erabiltzen dira. Izpirituek alde egiteko edo maskaratu ez dagoen pertsonei abisatzeko hemen gaudela eta jo behar zaitugula.

Aipatu duzu lehen gurdian ongarria eramaten zela, baina orain ezinezkoa dela. Inauterietan egiten zutena, gaur egun, astakeriak bezala ikusi daiteke. Garai horretan inauterietan edozer gauza onartuta zegoen?
Emakumeek esaten zidaten inauteriak amaiturik zeudela eta ongi amaituta zeudela. Ez zuten ulertzen zergatik berreskuratu nahi genituen. Haiek sufritzen zutelako. Batez ere neskek sufritzen zuten. Nik uste dut, aldi berean, mundu horretan zilegiagoa zela. Adierazteko beharra zuten. Lehenengo urtean ongarria atera genuen. Haserre-aldiak eta kexu ugari izan genituen. Orduan garbi izan genuen gaur egun ez dela bidezkoa, ez dela bideragarria. Kontuan izan behar dugu duela mende bateko gizartearen beharra ez direla gaur egun ditugun beharrak. Alde batetik, etxe bakoitzean behiak, txerriak, ahuntzak... animaliak zeuden. Kaka usaina bazeukaten. Gaur egun ez dago inor horrelako animaliarik etxean dituena. Kaka usaina sentitzen dugunean atzera ematen digu.

Gainera, lehen festetarako irrikan zeuden. Gaur egungo garraiobideekin astebururo joan zaitezke festara. Baina lehen ez. Festak edo iyoteak noiz iristen ziren itxoin behar zuten. Beraz, egun horietan askatasunez aritzen ziren. Bakoitzak etxean aurkitzen zuena jarri eta ateratzen zen. Gaur egun folklorean oinarritzen gara. Ez daukagu askatasun behar hori, eta egiten zituzten gauzak astakeriak iruditzen zaizkigu. Ez da bidezkoa gaur egun egitea. Beraz, gurdian lurra eramaten dugu. Lurrak ez du zikintzen eta ez du usainik.



Bihar ospatuko dituzue herri inauteriak.
Orain arte bi egunetan ospatzen genituen: egun batean Mari Arroka eta beste egun batean Zamarroak, baina aurten denak elkarrekin aterako gara. Nik espero dut apoteosikoa izatea. 25. urteurrena denez beste inauteri batzuk gonbidatu ditugu: Zalduendoko Markitos, Altsasuko Momotxorroak, Urdiaingo Momoxarroak, Unanuko Mamuxarro eta Muttuak, baita Navalosatik, Avilatik, Cucurrumachos-ak etorriko dira ere. Tradizio zahar bat dute oraindik mantentzen dutena. 1980ko hamarkadan berreskuratu zituzten ere. Truke bat eginen dugu, haiek aurten etorriko dira eta datorren urtean gu Navalosara joanen gara. Ikusgarriak dira. Koloretako manta marradunak daramatzate eta batzuek hogei fara daramatzate gainean. Burua mantarekin tapatzen dute, egurrezko karatula batzuk eramaten dituzte eta, aurretik, zaldien zurdak.

12:30ean La Cigarra txarangarekin poteatzera aterako gara. Herri bazkaria eginen dugu ere 14:30ean. Bazkaltzeko: babarruna sakramentu guztiekin eta torrijak. Torrijak jende guztiari gustatzen zaizkio. Garai honetako jaki tipikoak dira. Torrija txapelketa eginen dugu eta epaile moduan gonbidatuetako inauteri bakoitzetik pertsona bat egonen da. Gero frontoian jantzi eginen gara eta aterako gara. Mari Arroka Urbasatik jaitsiko da eta gu Sutegi eta Gaztetxetik aterako gara (18:30ean). Udaletxe plaza edo zabalgune horretan elkartuko gara eta segizioa eginen dugu. San Sebastian baselizara joanen gara, dantzatuko dugu eta plazara joanen gara. Bertan zortzikoa, jota eta porrusalda dantzatuko dugu ere (20:00etan). Polita izanen da.

Astearte inauterian zerbait egiten duzue?
Sardinaren hileta (21:30ean). Sardina  handi bat egiten dugu, berriz ere torrijak jaten ditugu, zerbait afaldu eta gero sardina hori plazara ateratzen dugu paseoan bezala. Plazan sardinari sua ematen diogu. Denak beltzez jantzita goaz hileta bat delako. Eta negar egiten dugu. Aurretik, 17:00etan, haurrendako merendua eta dantza kasting izanen da, frontoian.

Nork parte hartzen du Olaztiko inauterietan?
Nahi duen guztiak. Inork ez du agintzen nola jantzi behar den jendea. Berez sortzen da. Badira urte batzuk apaiza, medikua, alkatea, basozaina... eta pertsonai haiek pertsona berberek egiten dutela. Inork ez die esan zuk hau egin. Horrelako herri ekintza batean beti kontatzen dugu jendearen inplikazioarekin. Orduan, jendea inplikatuta baldin badago ez duzu ezer agindu behar edo ezer esan behar. Benetan espero dut jendeak parte hartzea. Jende guztiak parte hartzen baldin badu, ihote hau ahaztezina izanen da. Baina jendeak ez badu parte hartzen, pobrea izanen da; eta parte hartzen dugunendako ere triste izanen da. Ihoteak herriarenak dira, eta herritarrek egiten dituzte. Nik uste gogotsu daudela.

Olaztiko adinduei elkarrizketatuz lortu zenuen inauteriei buruzko informazio guztia?
Dokumentuetara jo nuen ere. Zortzi bat pertsona elkarrizketatu nituen, baina, inauteriei buruz hitz egin zidatenak: Pedro Emiliano Bengoetxea, Josefa Ezkia, Josefa Bengoetxea eta Secundino Lopez de Goikoetxea izan ziren. Eskerrak eman behar diet emandako informazioagatik.