Israelen jarrera salatzeko mozioak 6 udaletan

Guaixe 2006ko uzt. 28a, 00:00
Azken aldian Palestina eta Libano aldetik datozen berriak direla eta, Askapena erakunde internazionalistak ibarreko 6 udaletan Israelen jarrera gaitzesteko mozioak sartu ditu. Idatziak Arruazu, Arbizu, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Urdiain eta Ziordian aztertzekoak ziren aipatu herrietako udaletan. Mozioa Udalei oniritzia emateko aurkeztutako idatzian "Palestina, Libano edo edozein herri subiranoren kontrako erasoak berehalakoan eta baldintzarik gabe geldiaraztea" exijitzen da. NATOko indarrak zabaltzearen kontra agertzen dira, "Israelgo entitate sionistaren konplizeak baitira." Nazio Batuen Erakundeak duen "ezgaitasuna, borondate politiko falta eta entitate sionistarekiko duen konplizitatea" salatzen du. Horretaz gain, "Europako Batasunak duen lehentasunezko merkatal akordioa eta konplizitatea" ere salatzen da. Mozioa onartzen duten udalei eskatzen zaie "ahal duten guzia egiteko entitate sionista Palestina, Libano eta Siriako lur okupatuetatik erretiratzera behartzeko." Horrekin batera, "giza eskubideen errespetua bermatu, Nazio Batuen Erakundearen ebazpenak eta nazioarteko legislaziokoak betearaztea, presoak askatzea, herritarrei lapurtu eta suntsitutako guztia bueltatu edo kalte ordainak ematea, eta bertako populazio autoktonoarekin akordio justu batera iristeko" ahaleginak egitea. "Israelgo produktu komertzialen eta Israelekin negozioa egiten duten bertoko enpresen kontrako boikotera"deitzeko eskatzen zaie mozioan udalei. Herrian kultur, kirol eta maila akademikoko boikota egiteko eskatzen zaie udalei. Eta, bide batez, herritarrak erasotako herriekiko elkartasunez deitutako ekitaldietan parte hartzeko dei egiteko eskatzen zaie udalei mozioan.