Emakumeari buruzko XIV. jardunaldiak gaur abiatuko dira

Guaixe 2007ko mar. 2a, 00:00
Emakumeari buruzko XIV. jardunaldiak zabaltzeko gaur, 19:30ean, hitzaldia izanen da. Irurtzungo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko gizarte langilea Maider Beltzak Las personas dependientes y sus cuidadores/as izenburua duen hitzaldia eskainiko du kultur etxean. Emakumeari buruzko jardunaldien barruan, larunbatean afaria izanen da Iratxo elkartean. 21:30ean eseriko dira mahaira txartela eskuratu dutenak. Afaldu ondoren Adriana Olmedoren kontzertua izanen da. Adriana OlmedoAbeslari nafarra taldearen laguntza gabe ariko da larunbatean Iratxon. Bere bigarren diskoa, Con los pies en la tierra, aurkeztuko du Irurtzunen. Berak ekoiztutako eta argitaratutako lan hori apirilean grabatu zuen Tuteran. Villanueva del Trabucoko Un pueblo de música Kantautoreen Lehiaketa Nazionalean lortutako lehen sariarekin ordaindu zuen grabaketa. Bere kantuetan hainbat gai ikutzen ditu kantautore gazteak. Estiloari dagokionez tangotik rantxera bitarteko doinuak entzun litezke bere azken lan horretan. 23ra arteJardunaldiek asteazkenean izanen dute segida. Nahi duten guztiak, 18:30ean, autobusez Iruñera joanen dira, film bat ikustera. Emakumeari buruzko jardunaldien barruan, aurten Irurtzungo antzerki tailerraren La otra Bernarda izenburua duen antzezlana emanen da martxoko bigarren asteburuan. Martxoaren 10erako kafe tertulia antolatu da. Emakumeen boterea gaiaz jardungo dira kultur etxean bilduko direnak. Solasaldia harrera etxeko arduradun den Mertxe Arzak zuzenduko du. Ahotsak plataformako lau kideren hitzaldia ere iragarri da jardunaldiaren barruan. Martxoaren 15ean izanen da, kultur etxean eta Ahotsak, mujeres por la paz izenburua izanen du. Hilaren 3. eta 4. larunbatetan Alfredo Prietok emakumeei etxeko lantxoak egiten erakutsiko die kultur etxean, goizez. Ikastaro horretan izena eman nahi dutenek 606 674 043 edo 669 031 489 telefonoetara hots egin beharko dute. Horrekin batera, 6 euro ordaindu beharko dituzte. Gehienez ere 15endako tokia izanen da. Jardunaldiak martxoaren 23an errespetuzko erditzearen inguruan Isabel Zabalza emaginak eta Amabizia taldeko kideak emanen duen hitzaldiarekin despedituko da. Emakumeari buruzko jardunaldiak garatzen diren bitartean Puy Escuderoren margolanak Pikuxarren ikusteko aukera izanen da. Horretaz gain, Irurtzungo Emakumeen Taldeak martxoan Etxeko Ekonomian Lizentziatuen lehendabiziko promozioko kideei titulua banatuko die.