Euskararen zirimolak kultur jardueren zurrunbiloa ekarriko du

Guaixe 2007ko mar. 2a, 00:00
Sakanako Mankomunitateak eta Bierrik Elkarteak sinatutako hitzarmenak bere baitan hartzen dituen euskararen normalizazioari bideratutako kultur jarduera horien artean sartzen dira bertsolaritza, literatura eta arte eszenikoak, bestelakoak baztertuz. HitzarmenaSakanako Mankomunitateak eta Bierrik Elkarteak hitzartutakoaren arabera aurrenak kontratazio gastuak bere gain hartuko ditu eta, bigarrenak, areto kostuak eta publizitatea. Hitzartutakoaren arabera emanaldiak doakoak izanen dira. Bestalde, egoki joz gero, hitzarmena urtetik urtera berritzeko aukera aurreikusten da. ProgramazioaEuskararen zirimolak, edo sorgin haizeak, bitan joko du Sakana, udaberrian eta udazkenean. Lehen emanaldia Iturmendik hartuko du. Ondoren Olaztin, Bakaikun, Lizarragan, Lakuntzan, Egiarretan, Hiriberrin eta Uharte Arakilen izanen dira kultur emanaldiak. Euskararen zirimolak gaur Iturmendira Azika txontxongilo taldea ekarriko du. Talde horrek Herrialde urdina izenburua duen lana eskainiko du, 18:00etan, Iturmendiko herriaren etxean. Azika taldearen ikuskariak aspaldiko amets baten xeran dabilen pertsonaia baten ibilaldia erakusten digu, lauki-kutxa baten barnean atzemanen dituelarik: Kokin kaskagorra, musika lili bat, miragile baten untxia, artzatxo bat, lapin dantzari bat, laguna galdu duen ardi txikitxoa, eta HERRIALDE URDINErako bidearen ezagupena duen magoa. Jazoko dena jakin nahi duenak Iturmendin izanen du haren berri.