Eredu egokiena, D ereduaIldo honetan, hizkuntza eredu eta politika ezberdinen ondorioz, Euskal Herrian eskolak ikasleen %32 besterik ez duela euskalduntzen salatu zuten, "modu horretan, euskara ezagutzeko eskubidea milaka herritarri nabarmenki urratuz". Horrek indarrean dagoen hizkuntza ereduen "porrota" agerian uzten duela gaineratu zuten. "Soilik D ereduak bermatzen du euskararen ezagutza altua. Gainerako ereduek ez dute euskararen jabekuntza ziurtatzen".
1788 ikasle D ereduan eta 421 A eta B ereduetanSakanako datuak izan zituzten hizpide. 2006/2007 ikasturtean derrigorrezko ikasketak egiten ari diren Sakanako ikasleetatik lautik hiruk euskaraz ikasten du. 1.788 ikaslek (%74,4) D ereduan ikasten dute, eta 421 ikaslek (%25,6) A eta B ereduetan -391 ikasle A ereduan eta 30 ikasle B ereduan-. Datuak, orohar, urtetik urtera bere horretan mantendu direla adierazi zuten astearteko bilkuran. "Oso adierazgarria da hezkuntza arautuaren bidez euskaldunduko ez direnen kopurua Sakanan. 1788 ikasle ari dira D ereduan, eta 421 A eta B ereduetan. Hortaz, Sakanako 421 ikasleri euskara ikasteko eskubidea urratzen ari zaio gaur egun" azpimarratu zuten.
Hizkuntza politika berriaren beharraBai Eskolak Euskalduntzeari kanpainarekin bat egin dutenen ustez, eskolak ikasleen %100 euskaldundu behar du Euskal Herri osoan, "ikasle guztiek dutelako eskolaren bitartez euskalduntzeko eskubidea". Eta horretarako hizkuntza politika berri baten beharra aldarrikatu zuten, euskararen ezagutza osotasunean bermatuko duena. Hori guztia lortzeko eragile eta herritar guztion konpromisoa eta lana ezinbestekoa dela adierazi zuten, elkarlanari ekiteko deialdia eginez.
Igandean, bilkura Altsasun"Mobilizazio garaia da, Euskal Herriaren eta euskararen biziraupen eta garapenerako beharrezkoak diren aldaketak eragin behar ditugu. Bide horretan, igandean bilkura deitu dugu Altsasun" adierazi zuten. Bilkura 19:00etan izanen da, Foruen Plazan. Sakanako ikasleek euskalduntzeko eskubidea aldarrikatuko da bertan.