Betiko moduan, arbazuarrek herriko sarreran eginen diote ongi etorria Aralarko aingeruari, 10:45ean, eta herriko soroak, etxeak, lantegi eta txokoak bedeinkatu ondoren elizako bidea hartuko dute fededunek. 11:00etan hasiko dira meza elizkizunak, eta bertan aingerua gurtzeko aukera izanen da.
San Migel aingeruak aurreko asteburuan hasi zuen Nafarroako herrietara egiten duen bisitaldia. Urtero Nafarroako 350 herri ingurura gerturatzen da. Aurreko astean Lizarraldeko Gesalaz eta Deierriko herrietara gerturatu zen santua, eta bertakoek San Migeli dioten debozioa handia dela aipatu du Aralarko kaperau Mikel Larranbeberek. Ildo honetan, aipatzekoa da Larranbebere bera eta Jesus Sotil apaiza txandakatuko direla aingerua herriz herri laguntzeko bidaietan. Iaz moduan, santua hara eta hona eramateko gidari lanak Uharte Arakilgo Angel Andrés Pascualek eginen ditu.
Hurrengo igandean, LakuntzaraOhikoa denez, San Migelen Ermandadeko etxean -aingeruaren irudia herriz herri doanean hura hartzen duten etxeak-geratuko dira bazkaltzera, igandean, aingerua daramatzatenak, San Migel buru dela. Arruazun Gerezta da etxe hori. Bazkaldu ondoren agurtuko dute arbazuarrek San Migel aingerua. Hurrengo igandean, martxoaren 18an, Lakuntzara hurbilduko da San Migel. 11:45ean eginen zaio ongi etorria eta 12:00etan izanen da meza. Ondoren herriz herriko ibilbidea abiatuko da.