Ibaiak, gainezka

Guaixe 2007ko mar. 9a, 00:00
Atzo ibaiak ateratzear zeuden Sakanako txoko gehienetan eta zenbait tokitan gainezka egin zuten. Bestalde, herrietako hustubideak ura ezin tragatu ibili dira, eta urak gainezka egin zuen hainbat tokitan: Arruazun, Uharte Arakilen, Izurdiagan, Irurtzunen... Ur putzuak ere ohikoak ziren, eta aterkiarekin eta putzu artean kaleetan barna ibiltzea abentura ederra izan zen askorendako. Etengabeko euri jasari ekaitzak, trumoiak, eta haize boladak gehitu behar zaizkio, bereziki asteazken gauean eta ostegun goizean. Atzo, ostegunean, euria egin zuen gogotik eta haizea bortitza izan zen. Asteazken gauean Altsasuko Suhiltzaileek hainbat irteera egin behar izan zituzten, tartean Lakuntzan ura xukatu beharrean izan ziren eta Errotzen zegoen toldo bat ongi eutsi. Bestalde, aipatzekoa da Irurtzun Lekunberri arteko NA-1300 errepidea moztuta geratu zela Larraun ibaia atera zelako. Egoera berbera zegoen Uharte Arakilen: Arakil ibaia atera zen eta bigarren mailako NA-2410 errepidea itxi behar izan zuten -Uharte eta Irañeta arteko errepidea, San Migeleko pistara edo Uharteko baserrietara eramaten duena-. Gaurko, ostiralerako, euri arina iragarri dute. Mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko omen da, arratsaldean ipar-mendebaleko norabidea nagusituz, bolada gogorrekin.