Generorik gabeko lanbidea aukeratzeko kanpaina martxan dago

Guaixe 2007ko mar. 9a, 00:00
DBHko 3. mailako ikasleek ordu eta erdiko bi tailer jasoko dituzte, hezkidetzan espezialista den Begoña Salasek zuzendutako Pentacidad enpresak emandakoak. Lehenengo saioa martxoaren lehenean jaso zuten; bigarrena 15ean izanen dute. Martxoaren 23an, berriz, lanbide-hautaketa eta lan-merkatuari buruzko mahai-ingurua izanen dute DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleek. Bertan parte hartuko dute ondoko hizlari hauek: Jose Pérez, Delta Consultores-ekoa; Miguel Angel Jorge, Altsasuko enplegu bulegokoa; eta, Olga Madina, diseinatzaile grafikoa. Familiendako tailerrakAipatu  ikasleen gurasoek ere aukera izanen dute ''Lanbide-hautaketa eta lan-merkatua'' kanpainan parte hartzeko. "El papel de la familia en la orientación de estudios y profesión" izenburupean, bi orduko bi tailer emango dira. Tailer horietan parte hartzeko interesa dutenek aurrez eman beharko dute izena Altsasuko Udalaren Emakumearen Bilgunean (948-564 823 telefonoan). Saioak martxoaren 2. eta 3. astearteetan burutuko dira, martxoaren 13an eta 20an, 17:00etatik 19:00etara. Gehienez, 20 lagunek parte hartu ahal izanen dute. HelburuakKanpainaren antolatzailea Altsasuko Udala da, Cederna-Garalur elkartearen laguntzarekin. Aurten Altsasuko Udalak finantzatzen du kanpaina osoa. Kanpainaren helburu nagusia DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleei aukeratuko duten lanbide eta ikasketen inguruan orientazioa ematea da. Ikasleei, familiei eta irakasleei zuzendutako kanpaina da, guztiak ohartarazteko alde batetik bizi nahi duten herri edo tokiaren lan-merkatua kontuan hartzeak duen garrantziaz, eta bestetik, askotan ustez gustuko ditugun ikasketen edo lanbide baten aukeraketaren atzean genero estereotipoak daudela. Azken finean, aukera profesionalak edo ikasketak aukeratzeko orientazioa eskaintzen zaie ikasleei, betiere Sakanako lan-merkatua aztertu eta kontuan hartuz eta genero estereotipoetatik at dauden aukerak aztertuz.