Tony Gradyren Wir Beichten (II): 9.8 m/s2 instalazioa gaur mustuko da Iortian

Guaixe 2007ko mar. 16a, 00:00
Papiroflexiarako saltoaDuela urte batzuk Tony Gradyk pintura lantzen zuen. "Zumetak bere kolorezko Gernika margotu zuen eta ni izan nintzen koadro horren komisarioa. Duela 7-8 urte Picassoren Gernika aintzat hartuta erakusketa bat antolatu zen; bertan parte hartu genuen artistek Picassoren lanari erantzuna eman behar genion. Nik, orduan, hainbat ate (ale???) margotu eta zintzilikatu nituen. Lana prestatzeko Picassoren Gernikari buruzko liburu lodikote bat aztertu nuen, eta liburu horrekin zer egin nezakeen pentsatzen hasi nintzen. Liburuaren orrialdeak erabiltzea erabaki nuen eta hor hasi nintzen papiroflexiaren munduan murgiltzen" azaltzen du Gradyk. Paperarekin irudiak edo figuratxoak egiteari deitzen zaio papiroflexia. 650 eskorpioi eta igel batPapiroflexia erabiliz hiruzpalau instalazio prestatu izan ditu Gradyk. Duela bizpahiru urte Iruñeko Gotorlekuan lau metroko pinua egin zuen, paperezko figuratxoz apaindutakoa. Figuratxo gehienak ezberdinak ziren, eta denbora asko eman zuen hainbeste figuratxo sortzen. Iazko ekainean Wir Beichten: 9.8 m2/s2 instalazioa aurkeztu zuen Alemaniako Paderbornen, hain zuzen ere Iortian ikusgai jarri dena. "Wir Beichten-ek "konfesatzen gara" esan nahi du alemanieraz. Ikusentzunezko instalazio honek hainbat elementu dauzka. Alde batetik kutxa erraldoi bat dago, eta bestetik pertxaz betetako armairua. Kutxatik eta armairutik grabazio eta soinu ezberdinak ateratzen dira. Akaso, subjektiboki, konfesionarioaren itxura ematen dute elementu hauek. Bestalde, eta zintek mugatutako eremu baten barruan, paperez egindako ehunka eskorpioi daude, 650 inguru, Nafarroako hainbat ikastetxeko haurrek egindakoak" dio Gradyk. Ondoko ikastetxeko ikasleek egin dituzte paperezko eskorpioiak: Iruñeko Amaiur ikastola, Oronoz-Mugaireko ikastetxe publikoa, Lesakako Tantirumairu ikastola, Goizuetako Andres Narbarte ikastetxea eta Etxarri Aranazko Andra Mari ikastola. "Ikasleei paperezko eskorpioiak egitea eskatu nien. Nola egin erakutsi nien, baina erabilitako materiala, tamaina eta kolorea librea zen. Horrela, ehunka eskorpioi daude, antzeko formarekin baina oso desberdinak. Ikastetxe batetik esan zidaten igel bat ere bidali zidatela. Beraz, igel horrek "Donde esta Wally?"-ren papera hartuko du, bera bilatu nahi dutenendako, bederen" adierazi du Gradyk. Esanahia?Alemaniako instalazioan, zintarekin baserri bat irudikatu zuen lurrean Gradyk, eta barruan kokatu zituen eskorpioiak eta instalazio guztia. Aldiz, Altsasun, Iortiako paretak erabili ditu, forma eraldatuz. "Zein den erakusketaren esanahia? Bakoitzak pentsa dezala nahi duena. Arteaz ezagutzen duguna, orohar, oso gauza serioa da. Badirudi denak azalpena duela, artelanak galerietan daudela... nik lan "serioa" egin nahi nuen baina umeen elementuak erabiliz, jolas antzeko bat proposatuz. Helduek ikusterakoan pentsa dezakete: zer da hau? Baina haurrek ez dute horrela pentsatzen, eta lana ume baten ikuspuntutik ikustea polita litzateke. Ikusleek hausnarketa egitea da kontua" gaineratzen du. Printzipioz instalazioa Alemaniarako prestatu zuen, eta hurbildu zirenei gustatu zitzaiela azaltzen du. Baina artistak pentsatu zuen eskorpioiak egin zituzten ikasleak erakusketa ikusi gabe geratuko zirela eta horregatik Iortiara ekarri du. Papiroflexiaren bidetik collageak lantzeko saltoa eman du Gradyk, eta aspalditik ez duela margotu aitortzen du. "Instalazioak ez ditut saltzen, nork erosiko lituzke? Baina gorputzak eskatzen didalako prestatzen ditut. Orain hurrengo instalazioa izango dena prestatzea dut buruan, ahuntz baten irudia ardatza dela". Iortiako erakusketa martxoaren 30era arte egongo da ikusgai.