Asteartean prentsaren aurrean azaldu ziren Arbizu, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Urdiain eta Ziordiko Udalen ordezkariak, Nafarroako Gobernuak Urdiaingo eta Altsasuko lurretan egin nahi duen Altsasu-Urdiain industrialdearen kontra agertzeko. Arbizuko eta Etxarriko alkate Jesus Mari Mendinuetak eta Juan Bautista Mariñelarenak, eta Ziordiko zinegotzi Pello Gastaminzak, Bakaikuko zinegotzi Egoitz Urritzak eta Urdiaingo zinegotzi Lourdes Arakamak eman zituzten azalpenak.
Industrialdearen egitasmoak 937.697 m2ko lur azalera hartzen du, 647.139 m2 Urdiainen, eta 290.558 m2 Altsasun. Jakina denez, Nafarroako Gobernuak industrialde horren tramitazioa berriro martxan dauka, eta martxoaren 28raino egitasmoari alegazioak aurkezteko epea zabalik dago. Urdiaingo Udalak Sakanako udal guztiei egitasmoaren inguruko informazioa bidali zien, eta agerraldian jakin izan zenez Sakanako bost herri hauek alegazioak aurkeztuko dizkiote proiektuari.
"Inposatutakoa"Arbizuko alkate Jesus Mari Mendinuetak adierazi zuenez, agerpenarekin Sakanako herritarrei azaldu nahi izan diete zergatik dauden Altsasu-Urdiain industrialdearen kontra. Industrialdea "inposatutako" proiektua dela da lehenengo arrazoia. Gogoratu behar da egitasmoa Udalez Gaindiko Plan Sektoriala izendatu dutela; beraz, erabakia Gobernuak hartzen du. "Egitasmoak duen Udalez Gaindiko izaera arrazoi hartuta, Nafarroako Gobernuak industrialde erraldoi hau inposatu nahi digu, eskualdeko industrialde izaera aitortuz. Aldiz, eskualdeari ez zaio iritzirik eskatu, ezta era orain bost urte egindako alegazioei kasurik egin" aipatu zuen Mendinuetak. Soilik RENFEk aurkeztutako alegazio bat hartu zuten kontuan, babeseko eremuari zegokiona. Arbizuko alkateak gaineratu zuenez, kaltetutako udalen iritzia ez da kontuan hartu, esaterako Urdiaingoa. "Dena den egitasmoa eskualdekoa denez, guztiak kaltetuak garen heinean, gure ahotsa entzun dadin eskatzen dugu".
"Sakanako kontrolpetik at"Mendinuetak gaineratu zuenez, "egitasmo honek ez die eskualdearen beharrei erantzuten, bestelako interesei baizik", eta hori da kontra egotearen bigarren arrazoia. Nabarmendu zuenez, Udalerri guztietako hirigintza planetan badago beharrei erantzuteko industriarako lurra proiektatuta, "baina proiektu horiek bulkatu beharrean Gobernuak ingurumen-inpaktu handia eta lurralde eta herrien antolaketari desoreka eta konpondu ezineko kaltea ekarriko liokeen proiektua bulkatzen du".
Kontra egotearen hirugarren arrazoia da proiektu hau "Sakanako udalen autonomiaren kontrakoa dela". Aipatu bost udal hauen iritziz, "Nafarroako Gobernuak Altsasu eta Urdiainen makro-poligonoa inposatu nahi du, sakandarron kontrolpetik at geratuko litzatekeena eta etorkizunerako garapen eredua ezarriko lukeena, zer-nolako ibarra nahi dugun erabakitzeko ahalmena sakandarroi lapurtuz". Plana udalez gaindikoa denez, salatu zuten udal erakundeek eta mankomunitateak ez dutela inongo gaitasunik proiektuaren kudeaketa kontrolatzeko, eta ezingo dela planifikazio propioa egin. "Zer nolako herri eta eskualdea nahi dugun UPNren gobernuak zehaztuko du" ondorioztatu zuten. Azken arrazoi moduan, Gobernuak orain aurkeztu duen plana duela 5 urte aurkeztutakoaren kalkoa dela azaldu zuten, eta orduan ere kontrako jarrera garbia erakutsi zela Sakanan.
Bertan behera uzteko eskariaAipatutako arrazoi guztiengatik, Ziordia, Urdiain, Bakaiku, Etxarri Aranatz eta Arbizuko udalek Nafarroako Gobernuaren jarrera salatu nahi izan zuten, "industrialde hau inposatu nahi izanagatik". Bost herriek alegazioak aurkeztuko dizkiote proiektuari, industrialde horren proiektua bertan behera utz dadin eskatuz.
Gainera, eskualdearen garapenerako planak egiterakoan premiazkoak ikusten diren bi puntu aintzat hartzea eskatuko diote Gobernuari. "Lehenik eta behin, eraiki nahi dugun Sakanarako plan globala egin behar da eta plangintza horretan Sakanako erakunde publikoek, sindikatuek, enpresariek eta eragile politiko eta sozialek hartu behar dute parte, bai diagnostikoa egiten eta baita premiak zehaztu eta egokiak diren proposamenak eta ekimenak diseinatzen" adierazi zuten. Gaineratu zutenez, ekimen orok izango lituzkeen ondorioen azterketa beharko litzateke, jarraitu beharreko garapen eredua aukeratzeko. "Bigarrenik, eskualdeko udalerriek izan behar dute plan horretan ezarritako ekimen eta egitekoen kontrola, bai poligono berriak zehaztekoan, oraingoen handitzekoan, turismoaren aldeko ekimenak zehazterakoan eta nekazaritza eta abeltzaintzaren alde prestatutakoetan".