Altsasuko Gazte Asanbladatik adierazi dutenez, Euskal Herriko gazteriaren egoera prekarioa da. Lan munduan behin-behinekotasuna eta azpikontratazioa nagusi direla gaineratzen dute, eta ondorioz etxebizitza erostea ia ezinezkoa dela gazte askorendako. "Lan eta etxebizitza duina izateko eskubidea dugu" aldarrikatzen dute. Etxebizitza eskubidea denez, euren iritziz administrazioek alokairu publikoko etxebizitzak kudeatu behar dituzte eta "espekulazioan oinarritutako eraikuntza basatiarekin" bukatu behar da. "Etxebizitza duina lortzea ezinezkoa den bitartean, okupazioa gazteen alternatiba da. Okupazioa ez da delitua" diote, ozen. Altsasuko Gazte Asanbladatik gaineratu dutenez, Euskal Herrian 255.263 etxebizitza daude hutsik, "tartean Altsasun hutsik dauden 578 etxeak".
Egoera hau guztia salatzeko, larunbatean etxebizitza duinaren aldeko ekimena deitu zuten. Foruen plazan zazpi kanpin denda jarri eta hainbat gaztek kanpaldia egin zuten larunbat arratsaldetik igande eguerdira arte. Ondoko leloak zituzten kartelak eta beste jarri zituzten: "etxebizitza duin baten alde borrokan", "jendea etxerik gabe, etxeak jenderik gabe", "derecho a techo", "gazteak etxebizitzaren beharrean gaude"...
Salaketa ekitaldiaEtxebizitzari buruzko jardunaldien barruan atzo etxebizitzari buruzko mahai ingurua deitu zuten Altsasuko gaztetxean. Udal ordezkariak eta gizarte eragileak gonbidatu zituzten ekitaldira, baina Guaixeko erredakzioa ixterakoan oraindik ez genuen solasaldiaren nondik-norakoen berri. Nolanahi ere, jardunaldiak asteburuan despedituko dira. Gaur, ostiralean, martxoaren 23an, espekulazioa izanen da aztergai. 19:30ean Iruñea Berria taldeko kideek hitzaldia emanen dute gaztetxean, "Especulación inmobiliaria en Iruñerria" gaia hartuta. Bukatzeko, bihar, martxoaren 24an, larunbatean, goizeko 11:00etatik aurrera salaketa ekitaldia deitu dute Altsasuko udaletxearen aurrean.