Josu, in memoriam

Guaixe 2007ko mar. 29a, 00:00
OmenaldiaIragarritakoa baino ordu erdi beranduago eta frontoia goraino beteta zegoela hasi zen omenaldia. Eskenatokian Josu Zabala Salegiren irudi handi bat zegoen. ETAkidearen goitizena gogoan, Basajauna, Mari, Aker Beltza eta Galtzagorri pertsonai mitologikoak agertu ziren jendaurrean. Josuren irudiari begira eta hura gogoan bertso bana kantatu zuten.  Ondoren gizon batek haur taldetxo bati Basajaunen berri eman zien, mitologia eta errealitatea uztartuz. Heriotza irudikatu zuen ezpata-dantzari hitzak segitu zion. Juan Kruz Aldasoro mahaikideak adierazi zuenez Euskal Herriaren egungo egoera "inposizioa" dela agertu zuen eta "herri bezala aurrera egiteko tresnak sortu beharra" aldarrikatu zuen. Horrekin batera adierazi zuen "egungo abagune politikoa borrokaren emaitza" dela. Ezker abertzaleak egindako proposamena gogoan izan zuen eta gainontzeko alderdiei "konpromisoak hartzeko ardura" eskatu zien. Azkenik, omendua izan zuen gogoan. Juan Kruzek opari bat eta hitza Maria Jesus Salegiri eman zizkion. Josu zenaren amak esker oneko hitzak izan zituen lehenik. Semearen heriotza, saiatu arren, ezin izan dutela argitu gogoratu zuen. Josuren heriotza bezala, beste kasu batzuk ere bazirela gogora ekarri zuen Maria Jesusek. "Zanpaketen gainetik egiaren bila" jarraituko dutela adierazi zuen. Aurreskua eta herrian barna egindako manifestazioarekin despeditu zen omenaldia. Baina Josu Zabala Salegiren omenezko ekitaldiak ez ziren orduan bukatu. Astearte arratsaldean Etxarriko kanposantuan, haren hilobian, lore eskaintza eginen dute.