Gobernuak ezeztatu du Altsasu Zangitu industrigunetik kanpo geldituko denik

Guaixe 2007ko mar. 29a, 00:00
Horrela, Ezker Batuko talde parlamentariak otsailaren 22an egindako galderari erantzun nahi izan dio Armendarizek. Armendarizek azaldu du Altsasuko gunea beranduago garatu behar dela "egungo araudian jasotako eskakizun berriek hala eskatzen dutelako eta Vianako Printzea erakundeak eta Kultura Departamentuak Erdi Aroko Zangitu herri hustuan azterlan arkeologikoak egitea eskatu zutelako".  FasekaArmendarizek adierazi du Altsasu-Urdiain industrigunearen exekuzioa faseka egitea "aurreikusia zegoela eta dagoela", eta PSIS-ean bertan jasotzen dela, behin-behineko planifikazioan, eta planifikazio hori partzela eskariaren arabera egokitu daitekeela. Kontseilariak azaldu du Altsasu-Urdiain industrigunean exekutatuko den lehendabiziko fasea Urdiaingoa izango dela "logikoki, poligonoaren barruko  bide-sistema orokorrarekin lotzen den gunea delako, jarraipena", eta gaineratu du "horrek inplikatzen duela fase honen eta hurrengo faseen beharraren artean denbora tarte bat egongo dela". Industria kontseilariak azpimarratu nahi izan du jasoko den poligonoak Altsasu eta bere eskualdeko lur industrialaren beharrak asetzeko aurreikusia dagoela. "Nafarroako Lurralde Estrategiaren arabera, eta integrazio edo kooperazio fenomenoen arabera, Altsasu-Olazti-Urdiain hiri bitartekoa litzateke". Armendarizek dio Nafarroako Gobernuak legegintzaldi honetan Altsasu-Urdiain industrigunea bulkatu duela, eta aipatu egitasmoak Nafarroako Parlamentuaren babesa duela, 2005eko apribilaren 21eko erresoluzioari esker. Gogoratu, erresoluzio horretan Gobernuari eskatzen zitzaiola Altsasu-Urdiain poligonoa lehentasunezkoa izendatzea eta urgentziaz bulkatzea. Egitasmoaren atzerapena nolabait justifikatu nahian, Armendarizek azaltzen du proiektuaren tramitazioak hainbat aldaketa jasan behar izan dituela, egungo araudietara egokitzeko bidean. Altsasu-Urdiain Industrialdearen egitasmoak 937.697 m2ko lur azalera hartzen du, 647.139 m2 Urdiainen, eta 290.558 m2 Altsasun. Martxoaren 28raino egitasmoari alegazioak aurkezteko aukera zegoen, eta besteak beste Arbizu, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Urdiain eta Ziordiko Udalek alegazioak aurkeztu dituzte.