Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak "ETAren azpiegituraren aurka" egindako "operazio zabalaren" barruan kokatu ditu atxiloketak. Nolanahi ere, "ustezko komando horrek" ez duela oraindik atentaturik egin azaldu du Rubalcabak, eta operazioak zabalik jarraitzen duela gaineratu du, atxiloketa gehiago egon daitezkeela aurreratuz. Guardia Zibilaren iturriak aipatuz hedabideek zabaldu dutenez, Jose Angel Lerin ETAko liberatua litzateke, eta gainontzeko atxilotutakoak laguntzaileak.
Berririk ezAtxiloketa egunean bertan Uharte Arakilgo 20 bizilagun inguru asanbladan bildu ziren, Irigoienen berri izateko. Hain zuzen ere, Lorea Irigoien atxilotua dagoen bitartean egunero, 20:00etan, asanblada eginen da Uharteko plazan. Haren alde deitutako ekitaldietan parte hartzeko deia egin dute. Bestalde, Uharteko gaztearen gaiaz aritzeko pleno berezia egitea eskatzeko asmoa zegoen, baina hain juxtu ostiral honetan, hilak 30, Uharteko udalaren ohiko plenoa izango denez, bertan tratatuko da gaia. Aipatu beharra dago Irigoienen senitarteko eta lagunek ez dutela haren berririk, gaztea inkomunikatuta baitago. Ildo horretan, atzo Lorea Irigoienen eta beste atxilotutako bat den Joseba Lerinen senideak Nafarroako Arartekoarekin biltzekoak ziren, atxiloketei buruz aritu eta euren senideen inguruko informazioa eskatzeko.
Atxilotutakoak libre uzteko eskariaAskatasunak gogor salatu ditu atxiloketak, eta inkomunikazioak tortura ahalbidetu dezakeela ohartarazi. "Espainiako gobernuak indarrean duen inkomunikazio legearen pean, inpunitate osoz euskaldunak torturatu ohi dituen guardia zibilaren eskuetan dira pertsona hauek", adierazi du Askatasunak, atxilotutakoen berehalako askatasuna exijituz. Erakunde horrek gaineratu du Zapateroren gobernuak ez dituela Euskal Herrian gatazkaren konponbidea bulkatzeko beharrezkoak diren urratsak eman, eta horren ordez "gatazka sustatu eta iraunarazteko asmatua den errepresio politikoa erabiltzen du, bere neurrirako prozesu bat inposatzeko, arerioa ahultzeko, eta funtsean, konponbide prozesu benetakoa baino, bere botere interesa elektoralen mesedetan izango den prozesu bat inposatzeko". Askatasunak azpimarratzen du Euskal Herriak konponbidea behar duela, eta horretarako, "gatazkaren erroei soluzio politikoak emango dizkieten akordioak" erdietsi behar direla, eta "demokrazia eraiki" behar dela, "eskubide guztiak errespetatuz eta salbuespen lege, egoera, nahiz tresneria desaktibatuz".
Torturaren Aurkako Taldeak "larritasunez" jaso du atxiloketen berria eta inkomunikazioa ezartzeak duen esanahiaz ohartarazi du: inkomunikazioa amaitu arte atxilotuen berririk ez dela izango, atxilotutakoek ez dutela ez konfiantzazko abokatuekin ez medikuekin egoteko aukerarik izango, eta torturatuak izateko arriskua izango dutela. Horregatik inkomunikazioa amaitu eta Auzitegi Nazionala desegiteko eskatu du.