Kontzeju bakarra osatzeko baino ez hauteskundeak

Guaixe 2007ko ira. 28a, 00:00
Maiatzeko hauteskundeetan eratu gabe geratu ziren udalak eta kontzejuak osatzeko hauteskundeak eginen dira lastailaren 28an. Sakanan Urritzola, Izurdiaga eta Unanuko kontzejuak eta Iturmendiko udala geratu ziren eratu gabe. Hauteskunde horietarako kanpaina lastailaren 12an hasiko da, baina aurkeztu diren hautagaiak kontuan hartuta, soilik Urritzolan bozkatu ahal izango da. Izan ere, gainontzeko 2 kontzejutan eta Iturmendin ez dago hautagairik. KontzejuakUrritzolako kontzejurako Antonio Gonzalez Terron aurkeztu da eta hautagai independientea da berea. Kontzejuetan, aukeraketa moduak populazioaren araberakoak dira. Hala, 16 eta 50 biztanle arteko herrietan kontzeju irekia sortzen da. Hau da, presidente bat aukeratzen da eta batzarrean hartzen dira erabakiak. Unanu eta Izurdiagan ez da hautagairik aurkeztu, beraz kontzeju 2 horietako herritarrak bozkatu gabe geratuko dira. Ordezkari ezean, Nafarroako Gobernuak batzorde kudeatzaile bat izendatuko du herri bakoitzeko biztanleen artean eta hura arduratuko da kontzejuko gora beheretaz. IturmendiIturmendin egoera bestelakoa da. Herrian maiatzeko hauteskundeetara aurkeztu ziren zerrenda biak, Sozialista Abertzaleak eta EAE-ANV,  Espainiako epaitegiek baliogabetu egin zituzten Alderdien Legea deritzona aplikatu ostean. Haren ondorioz, Iturmendin ez zen bozkatzeko aukerarik izan. Datozen hauteskundeetarako ez da zerrendarik aurkeztu, beraz, iturmendiarrak boza eman gabe geratuko dira. Hauteskundeak pasata Nafarroako Gobernuak batzorde kudeatzaile bat izendatuko du.