Hemen da Extremadurako VII. kultur astea

Guaixe 2007ko ira. 28a, 00:00
Larunbatean, 18:00etan kultur asteko pregoia irakurriko du Ana Maria Guerrak, Extremadurako Juntako Zerbitzuen Kalitateko eta Informazio Saileko Zuzendari Nagusiak. Pregoiaren irakurketa eta gero Sakanako Haize Berriak bandak kontzertua eskainiko du. La Encina elkarteak antolatutako Extremadurako kultur asteak domekan izanen du segida. 12:30erako iragarria da Galiziako Os Fillos de Breogan dantza taldearen saioa. Kultur egitarauak hurrengo larunbatean, lastailaren 6an, jarraituko du, besteak beste, anaitasun bazkariarekin. Hartarako txartelak 15 eurotan eskuratu ditzakete bazkideek eta 20 eurotan bazkide ez direnek. ErakusketakEgun hartan Iortia kultur gunean Arte en tus manos izeneko erakusketa zabaldu zen. Elkarteko kide edo lagunek eginiko eskulanak izanen dira ikusgai lastailaren 6ra arte. Erakusketa horren bidez Extremadurako taldeak "herritar askok ezkutuan dituzten gaitasunak argitara eraman nahi dituzte eta zor zaien errekonozimendu publikoa posible egin-araztea". La Encina elkarteak gaur egun 140 bat bazkide ditu eta haietako hainbaten lanak daude ikusgai.Extremadurako kultur elkarte altsasuarrak, bestalde, atzera begirakoa ere prestatu du. Bere ibilbidearen berri ematen duen erakusketa prestatu du La Encinak eta astelehenetik lastailaren 10era arte Gure Etxea eraikinean ikusgai izanen da.Haize BerriakBihar Extremadurako doinuak eta euskal doinuak bat eginen dute Iortia kultur gunean. La Encinak kontzertu berezi hau antolatu du Extremadurako astearen barnean eta Haize Berriak banda izanen da ekitaldi honen gidaria. Hasiera batean bertako musika banda batekin elkartrukea egiteko asmoa izan arren, kontzertu berezia antolatu du Sakanako bandak egun honetarako. Berezitasun handiena euskal musika eta Extremadurako musiken nahasketa izanen da. Bi herriek bat eginen dute biharko kontzertuan eta euskal dantzaldiak  Villa Nueva de la Serenako pasodobleari emanen dio segida. Haize berriak bandaren estreinako apustu berria: Euskal-Estremadurar musika.