Altsasuko emakumeen taldea gaurtik lehiara

Guaixe 2007ko urr. 5a, 00:00
Taldea, lehen aldiz, Fermin Herrerok zuzenduko du, eta aurten 11 jokalari arituko dira saskibaloian: Isabel Blazquez, Garazi Misiego, Maite Vilas, Ione Martinez, Patricia Fernandez, Amaia Imaz, Cristina Lopez, Andrea Carrillo, Beatriz Ganuza, Nahia Senar eta Laura Parra. Ana Imazek jokatuko duen oraindik ez da argitu, belaunetik ebakuntza egin behar diote eta emaitzaren araberakoa izango da bere parte-hartzea taldean. Era berean, Garazi Misiegok 1. mailan Zizurko taldean eta Laura Parrak 2. mailan Burlatako taldean jokatzen dute, beraz, Altsasukoan haien taldeek uzten dietenean arituko dira. Altsasuko taldeak ilusio eta gogoz beteta ekingo dio denboraldi berriari. Bere erronka lehen 8en artean sailkatzea izanen da eta ondoren lauko finalean ahalik eta lan txukunena egitea. Izan ere, 2007-2008ko denboraldian Avimauto Altsasu-Ardoien maila berean 10 talde arituko dira, eta elkarren kontrako lehian. Ligatxo horren amaieran lehen 8 postuetan amaitutakoak bi multzotan banatu eta lau ekipoko talde bitan arituko dira, eta azkenik, talde bakoitzean l. eta 2. postuetan sailkatutakoek lau taldeen arteko neurketak jokatuko dituzte.Kontuan izan behar da senior mailan aurten goragoko mailetan jokatzen zuten ekipoak arituko direla. Beraz maila handiko taldeak izanen dira lehian eta arerio batzuk besteak baino askoz gogorragoak Avimauto Altsasu-Ardoientzat.