AHTri eta hotzari aurre eginez

Guaixe 2007ko aza. 27a, 00:00
Ibilbidean aurrera egin ahala, herrietan batzuk batu egiten ziren martxara eta beste batzuek utzi egiten zuten. Elkarlaneko kideen arabera 90 bat izan ziren martxan parte hartu zuten pertsonek. Ibar guztiko ibiltariek parte hartu bazuten ere, arakildarrak izan ziren nagusi. BideaOinezkoek hotz handiari aurre egin behar izan zioten ibilbidean. Baina behintzat ez zien euririk egin. Horregatik primeran hartu zuten Egiarretako elkartean hartutako kafea edo Hiriberrikoan dastatutako txistorra. Indarrak hartuta bidea azkar egin zuten eta, ordu bata eta erdirako Uharte Arakilera iritsi ziren. Herri sarreran talde bat zain zuten eta haiek zeramaten pankartaren atzean sartu ziren herrira. Behin elkartean ibiltariek saldarekin berotu zuten gorputza eta trikitixaren doinuekin belarriak. Aralar Mendi elkartean 80 pertsona bildu ziren bazkaltzera. Haren ondoren, Elkartzen erakundeko kide batek prekarietateari buruzko hitzaldia eman zuen, eta AHT egitasmoak prekarietatean izanen duen eraginaz aritu zen. Hura despeditutakoan 60 pertsonak AHT egitasmoaren aurkako kontzentrazioa egin zuten udaletxe aurreko aldean. Sakanako AHT Gelditu! Elkarlanetik jakitera eman dutenez, abenduaren 29an, larunbatarekin, AHTak Uharte Arakil eta Etxarri Aranatz artean eginen duen bidea ezagutzeko aukera izanen da. Ilbeltzerako utzi dute Etxarri eta Altsasu arteko bidean barnako ibilaldia.