Plazaola trenaren urteurrena

Guaixe 2014ko urt. 23a, 17:30
Igandean Lekunberrin ospatu zen martxan jarri zela Plazaola trenbidea. Hura pasatzen zen udaletako ordezkariak eta Plazaolako bide-berdea egiten laguntzen ari diren erakundeetako kideak izan ziren urteurrenaren harira Lekunberrin antolatu zen ekitaldian.

Hasiera
Leitzarango Bizkotz meategitik burdin mea Andoainera eramateko 21,1 km-ko trenbidea egiten hasi ziren 1902an. Metro bateko zabalera zuen trenbideak. 1904ko ilbeltzaren 25ean zabaldu zen trenbide hura. Minerala gero Ferrocarril del Nortera pasatzen zen Pasaiako portura eramateko.

1908ko lege batek estrategikotzat jo zuen trenbide bidez Iruñea eta Pasaiako portua lotzea eta Leitzarango trenbidea erabiltzea otu zitzaien. Hala sortu zen Iruñea eta Andoain arteko tren zerbitzua, Plazaola trena. Manuel Alonso Zabala ingeniari donostiarrak zuzendu zuen proiektua, mea garraiatzeko trena bidaiariak eramateko bihurtu zuena. 13 milioi pezetako aurrekontua izan zuten lanek.

Aurreneko bidaia
Etxajuen leherketa artean, 1914ko ilbeltzaren 19an, igandean, 9:15ean abiatu zen Iruñetik edertutako trena (Maffei etxe alemaniarreko Krauss lokomotora modeloa, bagoiak Beasainen karrozatuak). Barruan agintariak eta gonbidatuak zihoazen. Irurtzundik pasa zenean etxaju gehiago leherrarazi zituzten. 11:00ak pasatxo zirenean elkartu ziren Iruñetik eta Donostiatik abiatutako trenak Uitzin. Txistulari eta bandarekin egin zieten harrera. Iruñeko gotzain Fray Jose Lopez Mendozak trenbidea eta trena bedeinkatu zituen. Trenak Iruñera bueltatu ziren. Hurrengo bidaia 16:30ean abiatu zen Nafarroako hiriburutik. Baina publikorako aurreneko bidaiak ilbeltzaren 25ean egiten hasi ziren.

Lau hamarkadaz lotu zituen Plazaolak Iruña eta Donostia. 30eko hamarkadan errepideko garraioa garatzen hasi zen: kamioiak eta autobusak. Horrek Plazaolaren erabilgarritasunari eta errentagarritasunari okerrerako eragin zion. 1936ko gerrak eta ondorengo urteak berpiztu zuten trena, autobusendako erregairik ez baitzegoen, baina bai ikatza. Gainera, orduko ekonomia premiak bultzatuta kontrabando edo estraperlorako elementua ere izan zen.

Egoera horrek gutxi iraun zuen. 50eko hamarkada hasieran galera handiak zituen trenak. 1953ko uholdeek zerbitzua bertan utzarazi zuten, zubi bat hautsi eta trenbidean kalte handiak sortu zituelako. Guztia konpontzeak inbertsio handia eskatzen zuen. Nafarroako Diputazioan negoziatzen zuten bitartean, Madrilen trenbidea kentzeko baimena eskatu zuten, eta lastailaren 15ean jaso zuten hura. 1959an kendu zituzten errailak eta haien salmentatik lortutako diruarekin kendu zituzten zorrak. 1968an trenbideko lurrak enkantean saldu ziren.

Bide-berdea
Baiona eta Iruñea lotuko duen bizikleta bidearen zati izanen da Plazaolako bide berdea, Euroziklo egitasmoan dagoena. Gaur egun, Getaria (Lapurdi) eta Doneztebe arteko 70 km-ak eginak daude. Saldiasen eta Urritzan barna Plazaolako bide berdearekin lotzea da asmoa.

Gaur egun Plazaolako bide berdean Andoain eta Mugiro artean ibili daiteke. 50 km eskas. Irurtzun eta Mugiro arteko 6,5 km-ak ere eginak daude, mustu ez badituzte ere. Hala ere, arazoa Mugiron dago. Bide berdea nondik eraman aztertzen ari dira eta proiektua egiteko dago oraindik. 2 km-ko zati bat da egitea falta dena Irurtzun eta Andoain arteko bidea egin ahal izateko. Bestalde, Irurtzun eta Iruñea arteko zatian lurra desjabetzeko prozesua martxan da eta aurten eginez gero lanak 2015ean hasiko lirateke.


Sakanan
Plazaolak 85 km-ko ibilbidea zuen. Haietatik 2,3 Sakanan. Bere bidean zituen 66 tuneletatik bi Sakanan daude, Aizkorben (620 metro) eta Irurtzunen (Artadikoa, 180 metro). Biak ere luiziengatik itxiak daude gaur egun. 17 geltokietako bat Irurtzungoa zen, egun desagertua dagoena.


Beste urteurrena
Aurten, agorrilaren 15ean, 150 urte beteko dira trena Altsasura iritsi zela. Madril-Irun linea mustu zen horrela.