Arnasguneak, euskara sendotzeko, garatzeko eta hedatzeko

Tailer baten bidez herritarrak aktibatu nahi dira hizkuntzarendako eremu berriak irabazteko

Boladaka hitz batzuk modan egoten dira eta jendeak asko erabiltzen ditu. Halako zerbait gertatzen ari da arnasgune hitzarekin. Batez ere euskarari lotuta ageri da azken aldian. Hizkuntzak arnas hartzen duen tokiak dira; euskara nagusi den espazioak, eguneroko bizitzan euskara naturaltasunez erabiltzen den guneak. Espazio soziofuntzionalak (familia, ikastetxea, lantokia…) edo espazio geografikoak izan daitezke.

Euskara Zerbitzutik azaldu digutenez, “adituek diote hizkuntza batek bizirauteko ezinbesteko dituela nagusi izanen den espazioak. Espazio berean bi hizkuntzatan ezin da jardun modu iraunkorrean, beti bat nagusitzen baita. Zentzu horretan, elebitasunaren mitoari aurre egingo zaio. Horregatik, normalizazio prozesuaren gakoetako bat euskararentzat espazioak eskuratzea da”.

Sakanako arnasguneak
Arnasgune geografikoen artean daude UEMAko herriak, esaterako, Arbizu eta Etxarri Aranatz. Bietan populazioaren %70 baino gehiago euskalduna da. Hala, hizkuntza modu naturalean transmititzen da eta euskara lasai hitz egin daiteke, hori baita bertako hizkuntza naturala. Arruazuk, Ergoienak eta Urdiainek ere ezaugarri horiek dituzte.

Azken aldian kezka sortu da gune geografiko euskaldunetan distentsioa eta kontzientziazio falta detektatu direlako eta euskalgintzako hainbat erakundek arnasguneek euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia zabaltzeko beharra ikusi dute. Tailerra da horretarako tresna.

Tailerra
Martxoan, Etxarri Aranatzen, Arnasguneak sendotzeko tailerra izanen da, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) eta Euskal Herrian Euskarazek (EHE) antolatuta eta  udalak eta Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak lagunduta. Tailerraren helburua da euskararen arnasguneek euskararen biziraupenean eta normalizazioan duten garrantziaz kontzientzia hartzea, eta horiek zaintzeko zein hedatzeko dinamikak sortzea.

Tailerraren bidez herri mailan herritar taldeak arnasguneak hedatzeko, hau da, euskararendako eremu berriak irabazteko aktibatu nahi dira. Horrela, euren eguneroko bizitzan euskaraz bizi ez diren eremuak eta arrazoiak identifikatu, eta zailtasun horiei komunitate gisa aurre egiteko urratsak ematera bultzatu nahi da. Deialdi berezia egin zaie Arbizu eta Etxarriko euskalgintzan ari direnei baita Sakanako beste arnasguneetakoei eta gaiarekin sentsibilizatuta daudenei ere.

Bi orduko bi saio izanen dira: martxoaren 15ean, larunbatean, 10:00etatik 12:00etara eta martxoaren 21ean, ostiralean, 18:00etatik 20:00etara.

Izen-ematea
Martxoaren 12a baino lehen Etxarri Aranazko Kultura Zerbitzuan (948 460 930 edo
kultura@etxarriaranatz.com), Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuan (948 464 840 edo euskara2@sakana-mank.com) edo Etxarri Aranazko Leku Ona tabernan. Tailerra doakoa da.