Gerraren gainetik, laguntasuna

Guaixe 2014ko abu. 8a, 09:21

Horixe aldarrikatzen du Bubamara Dance Theateren Amico antzezlana, agorrilean Zuhatzuko (9an, 17:30ean) eta Ihabarko (31n, 21:00etan) festetan ikusteko izanen dena.

Txori Garcia Urizek eta Ion Barbarinek osatzen dute Bubamara Dance Theater konpainia. Aspaldiko lagunak dantza, antzezpena eta keinu-antzerki asko duen laguntasunari buruzko antzezlana osatu dute: Amico. Martxoaren 14an mustu zuten Iruñeko Nafarroako Antzerki eskolan eta agorrilean Sakanan ikusgai izanen da.

Balkatenako ijitoen kulturan eta musikan inspiratutako lan da, Emir Kusturicaren Underground filma oinarri hartuta. Euren erara dotoreak diren bi lagun dira protagonistak. Berdin dio bidaiari, immigrante edo nomadak diren, bizitzak indarrez banatu ditu. Balkanetako gerra, edo beste edozein gerra zibil, bete-betean dela topo egiten dute.

Topaketak une komikoak eta samurrak ditu. Gerraren erdian  bizitzaren eta laguntasunaren aldeko aldarria egiten dute. Hitz gutxi eta musika asko duen muntaia da. Jendaurrera mahaia, aulki pare bat, maleta batzuk, botila bat, bi edalontzi eta kolorea galduta duten bi trajerekin agertzen dira.